Ave Maria parkeko lizar-basoa ez dago kutsatuta, eta jolaserako erabili daiteke

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 20a, 00:00
Jaurlaritzak ebatzi du eremua bateragarria dela jolastoki gisa erabiltzearekin

Eusko Jaurlaritzaren txostenaren arabera, lurzorua ez da arriskutsua, ez pertsonen osasunerako ez ekosistemarentzat. Hortaz, Ingurumen Sailak erabaki du kokalekua bateragarria dela haurren jolaserako parke gisa erabiltzearekin. 

Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak Hernaniko Udalari bidali dio Ave Maria parkeko lizar-basoaren lurzoruari buruzko ebazpen txostena. Honen arabera, lursaila 'eraldatutako lurzorua' da, XX. mendearen hasieran meatzaritza jardueretarako erabilera izan zuten guneen artean sailkatua. Txostenak ebazten du ez dela arriskutsua, ez pertsonentzat, ezta ekosistemarentzat ere: «Lurzoru honetan, erreferentziazko balio adierazleak gainditzen dituzten substantzia kontzentrazioak identifikatzen dira, baina lurzorua ez da lurzoru kutsatutzat jotzen, ez duelako arriskurik sortzen ez giza osasunerako eta ezta ekosistemetarako ere». 

Inolako arriskurik ez dagoenez, Eusko Jaurlaritzak ebatzi du eremua bateragarria dela haur parke gisa erabiltzearekin, eta ez dagoela arazorik lurzoru horretan haurrak jolasean aritzeko: «Ez dago eragozpenik aipatu diren erabilerekin bat datorren jarduera berri bat egin nahi bada, horretarako lizentziak eman daitezen». Hori bai, jarduera berriak egiteko, Udalak zenbait baldintza bete beharko ditu: «Erabilera edo jarduera berria ezartzeko materialak hondeatu behar badira, hondeaketa-plana idatzi beharko da, eta ingurumen-organoak onartu beharko du». 

Eremuaren eta lurzoruaren egoeraz gain, lurpeko urari ere erreparatzeko eskatu dio Jaurlaritzak Udalari. Horretarako eskatu dute lurpeko uraren laginketak egiteko, kalitatea kontrolatzeko helburuarekin: «Aitorpenaren xede den eremuan hautemandako lurpeko uren kalitatea aldatu egin denez, beharrezkoa da ingurune horren kontrol analitikoa egitea, urtebeteko bi laginketa kanpaina eginez aldi hidrologiko desberdinetan».

Jaurlaritzaren gomendioak jarraitzen hasi da Hernaniko Udala

Hernaniko Udala martxan jarri da Ingurumen Sailaren gomendioak jaso orduko. Lurpeko uraren laginketa egiten hasi dira dagoeneko, eta gainerako aholkuak betetzen hasiko da jarraian: «Hurrengo ekintza izango da lurzoruko landare-estaldura trinkoa jartzea, lurzorua zuzenean ukitzeko eta istripuz irensteko oztopo izango dena». Ondoren, udazkenean, espezie autoktonoen  birlandaketa egingo dute, Sagarreta herriko taldearekin lankidetzan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!