Batel Liga primeran hasi ondoren, etenaldi luzeegia Hernanirentzat

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 21a, 00:00

Hernaniko batel bat, OsiƱagako jaietan jokatutako estropadan.

Joan den asteburuan ez zen jokatu estropadarik, eta biharkoa bertan behera geratu da.

Urtea hastearekin batera, batel denboraldiari ekin zion Hernaniko Arraun Elkarteak, urtarrilaren 8an. Pasai San Pedron jokatu zuten Gipuzkoako Batel Ligako aurreneko estropada, eta zortzi batelekin aritu zen Hernani. Maila ederrean aritu ziren, bereziki neska infantiletan: Hernani A batelak irabazi zuen, 5:15 denborarekin, eta hirugarren izan zen Hernani B (5:29), 13 batelen artean. Emaitza politak lortu zituzten promesa mailako neskek ere: Hernani A laugarren izan zen (7:56), baina garaipenetik oso oso gertu, San Juan irabazlea 1,23 segundu aurretik zuela; eta Hernani B bederatzigarren sailkatu zen (8:10), 20 batelen artean. Ondo aritu ziren mutil promesak ere, 11 batelen artean seigarren (7:50).

Liga primeran hasi ondoren, ordea, etenaldi luzeegia izango du Hernanik. Izan ere, aurreko asteburuan ez zen estropadarik jokatu, eta biharkoa bertan behera geratu da, Urumea ibaian jokatzekoa zena, Donostian, eguraldiagatik eta Astiñeneko zubia botatzeko obrengatik. Dena ondobidean, urtarrilaren 28an jokatuko da hurrengo estropada, eguerdiko 13:00etan, Pasaian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!