Masterraren hasiera, eta Urrizaren itzulera

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 21a, 00:00

Gaur bueltatuko da Urriza kantxara. Argazkia: Maialen Andres

Jaialdi erakargarria izango da gaur, Galarretan: Ezkurra II eta Azpiroz ariko dira, Masterra hasteko.

Etenaldi labur bat egin, eta indartsu bueltatuko da erremontea, Galarretara: jaialdi erakargarria prestatu dute gaurko, urteari hasiera emateko. Bi partiduk sortuko dute ikusmina bereziki, 15:30etan hasita. Batetik, Buruz Buruko Masterrari ekingo diote, eta Josetxo Ezkurrak eta Xabier Azpirozek jokatuko dute txapelketako lehenengo kanporaketa, semifinaletako ligaxkara sailkatzeko.

Eta bestetik, jaialdiko estelarrak erakarriko ditu ikusle asko, kantxara bueltatuko baita Javier Urriza. Iruindarrak irailaren 10ean jokatu zuen azkene­koz, Buruz Buruko Txapelketaren finalean: txapela buruan bai, baina min hartuta bukatu zuen, eta ordutik jokatu ezinik aritu da. Gaurkoa izango du itzu­lerako partidua, eta ez nolanahikoa: Iban Larrañagarekin ariko da, Beñat Segurolaren eta Endika Barrenetxearen kontra. Binakakoa irabazi berri dute Segurolak eta Larrañagak elkarrekin, eta finalista izan zen Barrenetxea ere. Goi-mailako itzulera izango du, beraz, Buruz Buruko txapela zortzi aldiz jantzi duenak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!