Gaztetxoen irteera antolatu du Mendiriz Mendik iganderako, Oriamendi inguruak ezagutzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 19a, 00:00

Donostia eta Hernani ikusteko aukera dago Oriamendiko tontorretik.

Igande honetan egingo dute gaztetxoen irteera. Goizeko 09:00etan abiatuko dira Oriamendi ingurura, Gudarien Plazatik. 

Hernaniko inguru naturalak ezagutzeko, beste irteera bat antolatu du Mendiriz Mendi Elkarteak. Kasu honetan, gaztetxoen irteera izango da, igande honetan, Oriamendi inguruak ezagutzeko. Prestatu duten ibilbideak Donostiarekin muga egiten duten gailur ingurura eramango ditu. Bertako historia eta ingurua ezagutzea da helburua; 1837ko martxoaren 16an tropa Karlisten eta Isabelinen arteko gudari buruzko informazioa, esaterako. 

Goizeko 09:00etan abiatuko dira Oriamendi aldera, Gudarien plazatik abiatuta. Ibilaldia erraza izango da, aparteko zailtasunik gabekoa, eta edonork egiteko modukoa. 
 

Inguru natural ederra ezagutzeko aukera

Oriamendi Donostiaren eta Hernaniren arteko mugan dagoen muino bat da. 188 metroko altuera dauka, eta Donostialde osoa ikusteko aukera ahalbidetzen du. Historikoki gune estrategiko gisa erabili dute; 1875 urtean gotorleku bat eraiki zuten gailurraren inguruan. Oraindik ere garai haietako aztarnak ikus daitezke bertan. 

Irteera honetan Hernaniko inguruan kokatzen diren paisaiak eta pasarte historikoak ezagutu ahal izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!