Kaxkoko hormen pintaketa lanen aurrean, «harrituta» agertu da EAJ

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 19a, 00:00

EAJ-PNVren esanei entzungor egitea leporatu diote Udalari.

Adierazi dute albisteak «harritu» egin dituela, «hauteskundeetarako lau hilabete falta direlako eta txotx denboraldia bete-betean dagoelako».

Aurreko astean iragarri zuen Hernaniko Udalak Kaxkoko etxeetako hormak txukuntzeko eta pintatzeko lanak abiatuko zituela. Erabaki horren aurrean «harrituta» agertu da Hernaniko EAJ-PNV, eta Udalaren iragarpena kritikatu du. Lanak urte honetako urtarrilean hastea harrigarria egin zaie jeltzaleei: «Hauteskundeetarako lau hilabeteren faltan? Txotx denboraldia bete-betean dagoenean?».

Gehitu dute EH Bilduk ez dituela udal ordenantzak betearazten: «Sinestezina da EH Bilduk ezer ez egitea, eta Hernani pintadaz, pankartaz eta panfletoz betetzen jarraitzen uztea, inork horretarako baimenik eskatu gabe». Horren aurrean, EAJ-PNVren esanei entzungor egitea leporatu diote Udalari: «Sinestezina da gu isilarazi nahi izatea pintadak ezabatzeko eskatzen dugunean, muraltzat jotzen dituztenaren argudioarekin. Hauteskundeak izateko lau hilabete falta direnean, muralak izateari utzi diotela dirudi». 

Gauzak horrela, azpimarratu dute Hernanin badagoela 2006an sortutako Ordenantza Zibikoa: «Ordenantza horretan arautzen da zer kartel jar daitezkeen, nola eta non jarri behar diren eta zer zigor ezarri behar zaizkien hori betetzen ez duten pertsonei». Ordenantza Zibil hori herritarren esku egon behar dela nabarmendu dute: «Gure ustez, hernaniar gehienak bat datoz guztiona bere egiten duten pertsonen aurrean tinko mantentzearekin; gutxienez, Ordenantza Zibilaren berri eman behar zaie eta ordenantza hori bete dezatela eskatu». 

«Interesgarria izango da hormek garbi zenbat irauten duten ikustea»

EAJ-PNVk amaitu du esanez lan hori ez dela Udalaren eginbeharra: «Auzo bateko etxe pribatuen hormak pintatzea inork eskatu ez duenean, nahiz eta hauteskundeetarako lau hilabete falta diren». Horrez gain, mesfidati agertu dira erabakiaren eraginkortasunari buruz hitz egiterakoan: «Interesgarria izango da garbiketatik zein pintada salbatzen diren egiaztatzea eta hormek garbi zenbat denbora irauten duten ikustea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!