Gaur jokatuko da Tabernetako Bertsolari Txapelketa, Garinen

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 19a, 00:00

Gaueko 22:00etan hasiko da XXVIII. Tabernetako Txapelketa, Garinen.

Ohiko eguna berreskuratuko du Tabernetako Txapelketak. 12 bertsolari arituko dira kantuan, gaueko 22:00etatik aurrera, Garin Tabernan.

San Sebastian bezpera eguna berreskuratuta, gaur jokatuko da Hernaniko Tabernetako Bertsolari Txapelketa. Gaueko 22:00etan hasiko da saioa, eta gauerdian jakingo da nork jantziko duen XXVIII. txapela. 

Guztira 12 bertsolarik parte hartuko dute aurtengo edizioan. Jon Altuna 'Oxan' aurreko urtean irabazitako txapelari eusten saiatuko da, eta kantukide izango ditu, momentuz, Mikel Lujanbio 'Xapo', Iñigo Ugarte, Aitor Aiestaran 'Notayo', Joseba Agirre, Xabat Pagola, Iñaki Otxotorena, Ekain Tolaretxipi, Axier Mingo, Haritz Otxotorena, Harri Agirresarobe eta Xuban Iturriotz. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Andoni Mujika 'Anatx' arituko da.

Ohiko eguna berreskuratuta, ohiko giroa espero da

Pandemiaren eraginez maiatzean jokatu zen 2022ko Tabernetako Txapelketa. Aurten ohiko eguna berreskuratuko dute, eta giroa ere berreskuratzea espero dute antolatzaileek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!