Zuhaitz bat erori da Leokako labaderoko teilatura, haizeak eraginda

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 12:40

Urbieta kalean ere zuhaitz bat erori da, gaur goizean. Egun hauetako eguraldia ikusirik, biharko, alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak elurragatik

Gaurko negu eguraldiak zenbait eragin kaltegarri izan ditu herriko txokoetan, baina zorionez, ez dira larriak izan. Gaur goizean, haizeak eraginda, Leokako labaderoaren teilatuaren gainera erori da zuhaitz bat. Udaleko langileak berehala erretiratu dute bertatik eta ez da zauriturik izan. Leokan ez ezik, Urbieta kalean ere gertatu da ezbeharra: zuhaitz bat erori da. Hala ere, ez du kalte larririk sortu. 

 

 

Alerta laranja, biharko

Nabaria izan da Urumea bailarara ere negua bapatean iritsi dela,  eta antzeko giroa aurreikusi dute Euskalmetek eta EITB Mediako meteorologia zerbitzuak hurrengo egunetarako. Horien arabera, litekeena da giro makurra asteburu partera arte luzatzea. Atzo negu beteko eguraldia izan genuen: prezipitazioa ugari, eta mendebaldeko haize bortitza nagusi. 

Biharko ere, negu gorriko eguraldi ezegonkorra espero da, eta giro hotzak zein elurrak protagonismoa hartuko dute oraingo honetan. Zaparrada mardulak botako ditu sarri,  eta baliteke bertan trumoi-ekaitzak jotzea.

Elur-kotari dagokionez, 300 eta 400 metro artean kokatuko da, baina baliteke zenbait momentutan maila baxuagoan ere zuritzea. Hori dela eta, alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak elurragatik

Elurragatik ezarritako alerta laranjaz gain, beste bi abisu hori egongo dira indarrean: prezipitazio iraunkorrengatik, tartean, Gipuzkoan; itsasaldeko arriskuagatik, 5 metrorainoko olatuak egon litezkeelako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!