Iñigo Legorburuk bigarren saria lortu du Mungiako bertso-paper lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 00:00
Mikel Arrilaga, Iñigo Legorburu eta Urko Egaña izan ziren hiru saridunak.

Suizidioa gaitzat hartuta, 10 bertsoko sorta aurkeztu zuen Legorburuk, San Antontxu lehiaketara.

Herenegun argitaratu zituzten Mungiako XXIV. San Antontxu bertso-paper lehiaketako sarituen izenak. Iñigo Legorburu hernaniarrak podiuma zapaltzea lortu du, beste behin, bigarren postua eskuratuta. '(Hil)betez' izeneko sorta aurkeztu zuen Legorburuk, lagun bat suizidatu ondoren sortutako 10 bertsoz osatutakoa. 

2009tik beti aurkeztu du lanen bat lehiaketa honetara; lau alditan lortu du irabaztea, eta beste hainbat aldiz izan da bigarren edo hirugarren sailkatua. Guztira, 14 sorta aurkeztu dira aurtengo lehiaketara helduen mailan. 

Gai korapilatsua da suizidioa, eta barruan zituen galderak papereratu nahi izan ditu Legorburuk: «Harremana galdu xamarra begenuen ere, batzuei 'lagun bat suizidatu da' eta besteei 'lagun bat suizidatu zait' esaten nien». Egoera horrek kontraesanak sortzen zizkion Legorbururi, eta une egokia iruditu zitzaion horri buruz idazteko: «Inor epaitu gabe eta inori leziorik emateko asmorik gabe». 

Guztira 10 bertso ditu '(Hil)betez' sortak, Igor Elortzaren 'Gure lurrean hedatua da' doinuan kantatuak izateko sortuak. Bertsolari durangarra Manu Chao abeslariaren 'El desaparecido' abestian oinarritu zen doinua sortzeko, eta 2001eko Txapelketa Nagusian aurkeztu zuen. Hurrengo lerroetan irakurtzen diren moduko bertsoekin osatu du sorta Legorburuk:

 

3)
Zure faltaren isiltasunak

bete du herria tabuz
zer gertatu den guk ulertzeko
beste aukera bat galduz …
Bizimolde batzuk landuz
edo irizpide malguz
gure mundua hobetu baietz
bidean inor ez salduz!
Baina joan zara, Agus
gizarte honen enkarguz
zure era ta modura baina …
Inola ez zure kabuz!

 

8)
Zure buruaz beste eginda

hautsi zenigun mitoa
ez azalpenik ta ez gutunik,
desagertze tragikoa …
Kupido patetikoa
denaren uste tinkoa
barneratua dugu guztiok,
gutxik dute begikoa!
Aurreiritzi tetrikoa
sartu diguten zirtoa:
Herion ere bilatzen dugu
alde erromantikoa.

 

XXIV. San Antontxu bertso-paper lehiaketako irabazlea Urko Egaña azpeitiarra izan da, 'Alde bakarreko begiradaz' izeneko bertso-sortarekin. Hirugarren postua, aldiz, Mikel Arrillaga eibartarrak eskuratu zuen, 'Amodio istorio bat' izeneko lana aurkeztuta.

Legorbururen bertso-sorta guztia: 

1)
Covidak utzi zigun mundu bat
lepo langabez ta ERTEZ
zure kasuan, hala ibili
zinen hogei hilabetez.
Dirua lortzean, nekez
hipotekarik bete ez
zure gainbeheran bustitzen zinen
ginebraz ta Tio Pepez.
Bizitza balio merkez
hornitzean, honenbestez
zu iluntasun argi bat utziz
joana zara ilbetez. (BIS)

 

2)
Benetan, hau gehiegi da!
Naizen pertsona erira,
beldur guztien erdira
jausi ostean, norbere minek
izaten dute segida …
Zail da hurbiltzen egira
ezkutuko alderdira:
Buruaz beste eginda hainbat
bestetasun sortzen dira. (BIS)

 

4)
Galdu genuen garai bateko
gutartasun esentzia
beste gauzetan zentratu ahala
gailendu zen inertzia.
Ene lagun miretsia
hartu genuen etsia
gaizki ulertu genuen antza
zer zen independentzia …
Hau barne biolentzia!
Ez al da ebidentzia?
Zure faltaren hustasun honek
nigan duen presentzia. (BIS)

 

5)
Hitz egitean lehenik Ametsez,
Miñan, Ibrahima Baldez
gero jarduten ginen aldiro
Letez ta Anje Duhaldez.
Biok, Maitiaren galdez
ozenki kantuan, baldres
baina Lujanbiok zure bihotza
behin aldatu zuen jabez …
Feminismoa lanabes,
hartu zenuen han babes
hurrenak gu hil gintezkenaren
beldurra aldatuz aldez. (BIS)

 

6)
Bizimoduak azken aldian
hartu zigun abiadan
jada astirik nekez geneukan
jarduteko eztabaidan.
Zer moduz izeba Aran?
Aitak jarraitzen du GARAn?
Galdetzean gaiz aldatzen maisu
zinen zu azken boladan.
Gaur, errepara dezadan
nire akatsen iladan:
Itsu-itsuki sinistearren
soilik kanpo begiradan. (BIS)

 

7)
Bizitzak nola duen mandatu
heriotza erditzea
sarri odolez gorritu ohi du
bizipozen mihisea.
Mina biziberritzea
da hautatzen den iltzea
askotan lortuz gure osasun
mental oro birrintzea.
Ai, logikaren printzea
nola azaldu klitxea:
Bihotzekoak jota egonik
guk bizirik jarraitzea? (BIS)

 

9)
Mende erdirik kunplitu gabe …
Oraindik zen hain gaztea …
Ze berekoia! Oso zaurgarri
gelditu da emaztea …
Epaitzen norbait hastea
da uste bat marraztea
berez krudela den egoera
are gehiago laztea!
Baina nor dugu askea?
Hauxe nahaste-borrastea!
Zeinen zaila den ez dakiguna
desikasten ikastea. (BIS)

 

10)
Ikastolatik irtendakoan
batu gintuen Insti-ak
orduan ginen errebeldeak
ta kamarada kinkiak.
Festaren basapiztiak,
euskal punk-aren frikiak
gogoratzean trikutzen zaizkit
guztiz bihotz-birikiak.
Tori ba doinuz, hizkiak
zu zinenaren izpiak
noizbait ilbetez elkar daitezen
gure arima bikiak. (BIS)

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!