Barrenetxea IV.a da faboritoa larunbatean hasiko den Masters Txapelketa irabazteko

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 00:00

Atzo, Galarretan, lau erremontistak Kutxabank Masters Txapelketaren aurkezpenean.

Urriza oraindik ez dago sasoian eta ez du jokatuko Mastersa. Beraz Ezkurra II.a, Azpiroz eta Ansa II.a izango ditu aurkari aurreligaxka, ligaxka eta finala jokatuko diren bost partiduz osatutako txapelketan.

Endika Barrenetxea hernaniarra da faboritoa atzo Galarretan aurkeztu zen Kutxabank Masters Txapelketa irabazteko. Lau erremontistek jokatuko dute eta guztira bost partidu izango dira. Ezkurra II.a, Azpiroz, Ansa II.a eta Barrenetxea IV.a dira txapelaren bila ariko diren lau erremontistak eta Banakakoan txapeldun izan zen Urriza ez dago partaideen artean. Iruindarrak ez du bere burua sasoian ikusten buruz buru jokatzeko nahiz eta binaka hasiko den jokatzen larunbatean bertan. 

Larunbat honetan urtarrilaren 21ean hasiko da Masters Txapelketa aurreligaxka batekin. Ezkurra II.a eta Azpiroz izango dira protagonistak eta bien arteko partidua irabazten duena hiruko ligaxkara pasako da eta galtzailea kanporatua izango da. Ligaxkan hiru erremontista ariko dira. Barrenetxea, Ansa eta larunbateko aurrelixkako irabazlea. 

Hiru jardunaldi ligaxkan eta bi finalista

Hiru pelotarik hartuko dute parte ligaxkan eta denek denen aurka jokatuko dute urtarrilaren 28an, otsailaren 4an eta otsailaren 11n. Puntuaketa sistema erabiliko da. Honela, partiduen irabazleek lau puntu lortuko dituzte, 29tik 27 tantu artean egiten dituztenek bi puntu batuko dituzte, 26tik 24 tantura puntua lortuko dute, 23tik 17 tantura ez da gehituko punturik eta 16 tanto edo gutxiago eginez gero puntu negatiboa izango da sailkapenean. 

Ligaxkan lehen bi postuetan geratzen diren erremontistek jokatuko dute Masters txapelketaren finala. Bi erremontisten artean puntu berdinketa badago, bi pelotari horien arteko partidua irabazi duen pelotariak lortuko du aurretik geratzea. Hiru erremontistek berdintzen badute ordea, tanteo globala hartuko da kontutan. 

Otsailaren 11n finala, Galarretan

Ligaxkan lehenengo bi postuetan geratzen diren erremontistek jokatuko dute 2023ko Kutxabank Masters txapelketaren final haundia. 

Barrenetxea IV.a da hautagai nagusia eta aurkarien artean Ansa da emaitzarik onenak lortu dituena azken urteetan. Pasa den urtean bien artean jokatu zen finala eta hernaniarrak lortu zuen txapela. Bi txapela jantzi ditu (2020an eta 2022an) eta hirugarrena eskuratu nahi du. Gainera, azken bi final haundietan azpitxapeldun geratu da eta arantza hori atera nahiko du atzelari hernaniarrak. 

Masters Txapelketa 2011n hasi zen jokatzen eta Ezkurra (2011, 2012), Urriza (2013, 2014, 2017, 2018, 2019, 2021), Uterga (2015, 2016) eta Barrenetxea (2020, 2022) izan dira txapela jantzi duten lau erremontistak. Hernaniarrak irabazten baldin badu bigarren jarriko litzateke palmaresean. 

Urrizak txapelketa jokatu ez arren bere errekuperazioa bide onetik joan da eta larunbatean bertan itzuliko da. Binakako partidu bat jokatuko du, eta ez nolanahikoa: Larrañagarekin batera Segurola eta Barrenetxearen aurka jokatuko dute, Ezkurraren eta Azpirozen artekoaren aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!