Hernanik hazkundea bizi du igeriketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 00:00

Hernaniko igeriketa taldea gora egiten ari da azkenaldian.

Hamabi igerilarik hartu zuten parte herriko taldearekin, asteburuan Irunen, Gipuzkoako Taldekako Kopan.

Hernaniko igeriketa taldeak Gipuzkoako Taldekako Kopan parte hartu du asteburuan, Irungo Azken Portu igerilekuan. Aspaldiko talderik jendetsuena osatu zuen Hernanik. Mutiletan 16 taldeetatik 11garren postuan amaitu zuen, 116 punturekin. Nesken mailan, berriz, azkeneko postuan sailkatu zen, 16garren, 52 punturekin.

Taldea gora egiten ari da azkenaldian, eta pozgarria izan zen Hernani Kirol Elkartea errelebo probetan ikustea, Irunen. Guztira hamabi igerilarirekin aurkeztu zen Gipuzkoako Kopan. Hobekuntza ez zen bakarrik partaidetzan izan, igerilariek egindako denboretan ere hobekuntza izan zen. Gustora amaitu zuten esperientziarekin.

Enaitz Goñi garaile, Tolosaldearekin

Bailarako igerilariak izan ziren beste taldeetan ere. Enaitz Goñik igande arratsaldean hartu zuen parte bakarkako proba batean, eta azken erreleboan. 200 tximeletan garaipena lortu zuen 2:08.58ko denborarekin, eta Tolosaldea taldeko errekorra egin zuen.

4x100 estiloetan ere garaipena eskuratu zuen, eta azken sailkapenean Tolosaldeak lortu zuen Kopan garaipena, bai mutiletan, bai nesketan eta bai orokorrean, Bidasoaren aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!