Zaparrada eta guzti, galdu egin zuten Euskal Ligako neskek, Landaren

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 00:00

Partidu gogorra izan zen, eta ezin izan zuten Gaztedi gainditu.

5-15 amaitu zen partidua, Gaztediren alde. 23 urtez azpikoek ere galdu egin zuten, El Salvadorren aurka.

Aurkari zuzen baten kontra jokatu zuen Hernanik, partidu garrantzitsua zen Gaztediren aurkakoa, baina ezin izan zuten talde gasteiztarra garaitu. Hasierako minutuetatik oker xamar joan zen goiza: Leire Muñoz jokalariak min hartu zuen, orkatila bihurrituta, eta zalantzati geratu zen etxeko taldea. Gaztedik sendotasuna erakutsi zuen defentsan, eta txukun baliatu zituen erasoko aukerak. Azkenean, 5-15 emaitzarekin amaitu zen partidua. Leire Segundok, Lidia Torrek eta Eneritz Basabek egin zituzten Gaztediren hiru entsaioak, eta azkeneko minutuetan, 80 minutu bete zirenean, Leire Muñozek egin zuen Hernaniren entsaio bakarra. 

Sailkapenari dagokionez, azkenaurreko postuan jarraitzen du Hernanik. Lehenengo zazpi jardunaldietan bi garaipen lortu dituzte. Gaztedi antzeko egoeran zegoen, baina, igandeko garaipenareki, goraxeago kokatu dira gasteiztarrak; laugarren postuan. 

Ongi etorriko zaie asteburu honetako atseden jardunaldia, min hartuta dauden jokalariak osatzeko, eta datorrenerako indarrak hartzeko. Bi asteko tartea izango du Hernanik, eta otsailaren 5eko asteburuan jokatuko dute hurrengo partidua, Bera Beraren aurka. 

 

23 urtez azpikoek ere galdu egin zuten

Asteburu txarra izan da Hernaniko talde guztientzat. Urteko lehen partidua zen 23 urtez azpiko taldearentzat, eta ezin izan zuen irabazi, El Salvadorren aurka. Etxean jokatu zuten, eta 20-24 amaitu zen partidua. Aste honetan Valladolidera egingo dute bidaia, ligako 12 jardunaldiko partidua jokatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!