Eskaintza zabala aurkeztu du KZguneak otsailerako, eta zabalik dago izen-ematea

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 16a, 00:00

Zabalik dago otsaileko ikastaroetara izena emateko epea.

Aurrez aurreko, urruneko eta bideokonferentzia bidezko ikastaroak eskainiko dituzte.

Ikastaro eskaintza oparoa aurkeztu du, beste behin, KZguneak. 9 alorretan banatu dituzte otsaileko ikastaroak: enplegu-bilaketa, e-administrazioa, oinarrizko formakuntza, irudia eta bideoa, aisia eta entretenimendua, ofimatika, produktibitatea, sare sozialak eta segurtasuna. 

Iraupen luzeena duten ikastaroak 20 ordukoak dira. Horien artean daude zibersegurtasuna, sareko arrisku mehatxu eta zaurgarritasunei aurre egiteko; oinarrizko interneta, nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasteko; ofimatika tresnak erabiltzen ikasteko tailerra; marketin digitalean lehenengo pausuak emateko ikasketak; eta marka pertsonala lantzeko ikastaroa, LinkedIn tresnaren bitartez garatua. Guztira 35 ikastaroko eskaintza osatu du KZguneak otsailerako, eta horietatik 7 euskeraz egiteko aukera izango da. Hiru modutara jarraitu ahal izango dira ikastaroak: aurrez aurre, Hernaniko KZgunean bertan; urrunetik, etxetik lan egiten hezitzaileen laguntzarekin; eta bideokonferentzia bidez, aplikazio batekin. 

Interesa duten pertsonentzat, zabalik dago izena emateko epea. Ikastaroetan apuntatu nahi dutenek hiru aukera dituzte erabilgarri. KZgunean bertan eman daiteke izena, aurrez aurre, baina aldez aurretik hitzordua eskatu behar da horretarako. Bertara joateko astirik ez dutenentzat, 943 023 650 telefonora deituta, edota www.kzgunea.eus web orrialdean sartuta ere aukera dago parte hartzeko. Bulegoa Biteri Kultur Etxeko lehenengo solairuan dago, eta astelehenetik ostiralera irekitzen dute: goizean 09:00etatik 13:00etara eta arratsaldean 16:00etatik 20:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!