Ikastaro eta hitzaldi bana izango da urtarrilean, gurasotasun positiboa sustatzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 16a, 00:00

Hernaniko Udalak antolatutako egitasmoak dira, haur nerabe eta gurasoei zuzenduak. Urtarrilaren 26an izango da hitzaldia, eta 27tik aurrera ikastaroa.

Bi ekintza antolatu ditu Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria Arloak, gurasotasun positiboa sustatzeko. Urtarrilaren 26an hitzaldi bat eskainiko du Eider Goiburu Morenok. Psikologian lizentziaduna, sexu-hezitzailea, emakume eta gizonen arteko berdintasun teknikaria eta pedagogian doktoratua da, besteak beste. Galdera bat da hitzaldiaren abiapuntua: 'Zer egin dezakegu gure haur eta nerabeek sexualitate aske eta osasuntsu bat izan dezaten?'. Nerabeen gurasoei zuzenduta dago hitzaldia, eta helburua izango da plazerrean, zaintzan eta ongizatean oinarritutako sexualitatea garatzen laguntzeko zenbait gako eskaintzea.

Orotara, lau gai jorratuko dira hitzaldian: aldaketa fisiko, psikologiko, emozional eta sozialak; lagunak, bikoteak eta sexu-praktikak; informazio-iturriak eta sexualitateari buruzko arau sozialak; eta nerabeen sexualitate aske eta osasuntsu baterako gakoak.

Lau gai horiek ardatz hartuta, bost helburu betetzeko asmoa du hizlariak: sexualitateak nerabezaroan dituen ezaugarriei buruzko oinarrizko informazioa eskaintzea, familiek duten sexualitate ereduei buruzko hausnarketa bultzatzea, nerabeen hezkuntza prozesuan sexualitate aske eta osasuntsu baterako gakoak aztertzea, gurasoak sexualitate eremuko heziketa lanetan ahalduntzea eta familiek dituzten bizipen, kezka eta galderak beste familiekin partekatzeko espazio bat sortzea.

Hitzaldia Biteri Kultur Etxean izango da, arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara, eta izen ematea zabalik egongo da urtarrilaren 24ra arte telefonoz (943 33 70 41) edo emailez (gazteria@hernani.eus).

Hezkuntza emozionaleko tailerra, 27tik aurrera

Urtarrilaren 27an hasiko da adimen eta hezkuntza emozionaleko tailerra. 5 eta 7 urte bitarteko haurrei eta haien heldu erreferenteei zuzendutako ikastaroa izango da, eta 8 saio egingo dira guztira: urtarrilaren 27an, otsailaren 10 eta 24an, martxoaren 10 eta 24an, apirilaren 21ean eta maiatzaren 5 eta 19an. Ostiraletan izango dira saioak, Biteri Kultur Etxean, arratsaldeko 17:00etatik 18:15etara.

Ikastaroaren helburua da haurren eta helduen arteko harremanak adimen emozionalean oinarrituak izateko trebaketa egitea.

Egitasmoan parte hartu ahal izango dute haurrarekin harreman esanguratsua duten helduek; hala nola, gurasoak, aiton-amonak edo izeba-osabak. Parte hartzea mugatzen duen arau bakarra da ezingo direla saio batetik bestera erreferenteak aldatu, saio guztietan partaideak mantendu behar direlako.

Ikastaroa bi zatitan banatuko da. Hasieran jolas eta dinamikak egingo dituzte parte hartzaile guztien artean, eta, saioa bukatzeko, helduen arteko hizketaldia egingo da ikusi eta ikasitakoa barneratzeko eta zalantzak lantzeko. Une horretan haurrak jolasteko txokoan egongo dira.

Guzti honen gidaritza Donna Apellaniz Nietok eramango du. Apellaniz adimen emozionaleko irakaslea eta terapeuta emozional sistemikoa da. Lehen Hezkuntzan diplomaduna eta Adimen emozionala hezkuntzan eta Estrategia sistemikoak haur eta nerabeekin eta ingurune terapeutikoen sorreran masterduna.

Kasu honetan ere urtarrilaren 24ra arte egongo da zabalik izen ematea. Hiru bide daude apuntatu ahal izateko: telefonoz, 943 33 70 41 zenbakira deituta; emailez, gazteria@hernani.eus helbidera idatzita, edo online https://labur.eus/adimentailerra estekaren bitartez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!