Txinpartarekin abiatu da txotx denboraldia, Itxas-Burun

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 15a, 00:00

Itxas-Buruko kupel artean aritu ziren kantari Mendiluze eta Laburu.

Agin Laburu eta Aitor Mendiluze aritu ziren kantuan, eta 100 lagunetik gora bildu ziren Itxas-Buru sagardotegian.

Txinparta eta grazia bereziarekin hasi dute aurtengo txotx denboraldia, Itxas-Buru sagardotegian. Ehun lagunetik gora bildu ziren ostiral iluntzean, Aitor Mendiluzeren eta Agin Labururen bertsoak entzutera. Afaldu aurretik egin zuten lehenengo saioa, kupel artean, eta afal ondorenean errematatu zuten lehendik hasitakoa. 

Ez zen isilune luzerik egon gau osoan; gogotik jardun zuten bi bertsolariek, eta saio bizia sortu zuten, erritmo haundikoa. Bertaratutako jendeak gustura aditu zituen bertsolarien txantxak, zirtoak eta pasadizoak, afaldu aurretik, bitartean eta ondoren.

Tabernetako Txapelketaren txanda, San Sebastian bezperan

Bertsolaritzaz gozatzen jarraitzeko aukera izango da datozen egunetan, Hernanin. Ohiko eguna berreskuratuta, ostegunean jokatuko da Tabernetako Txapelketa, Garin tabernan. Festa giroa izango da gaueko 22:00etatik aurrera, eta gauerdian jakingo da nor izango den aurtengo txapelduna. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!