Erakusketa eta eskaintza berri ugari izango dira aurten, Chillida Lekun

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 15a, 00:00

Museo bizi bat izaten jarraitzea da programazioaren helburua.

Urte berezia da museoarentzat, Eduardo Chillidaren mendeurrenaren atarikoa, eta aurten ere ez da erakusketa, kontzertu nahiz topagunerik faltako.  Antolatzaileek «bizitza» eman nahi izan diote programari, prestatutako jardueren bitartez.

Urte berezi baten atarian, 2023ko programazioa aurkeztu du Chillida Leku museoak. Bizitasuna eman nahi izan diote urteko egitarauari, eta zenbait erakusketa, kontzertu eta topaketa izango dira. Mireia Massaguék, Chillida Leku museoko zuzendariak, azaldu du ia milioi bat bisitari jaso dituela museoak zabaldu zenetik, eta egunez egun lanean jarraitu behar dutela interesa pizten jarraitzeko: «Museo bizi baten programazioak, Chillidak amestu zuen leku hau bezalakoa, berrikuntzarekiko etengabeko erronka suposatzen du, publikoaren interesa pizteko eta artearen zabalkundearen aldeko gure konpromisoa sendotzeko, pertsonen eta gizartearen ongizatearekin batera». Eduardo Chillidaren mendeurrenaren atariko urtea da aurtengoa, eta egitasmo bereziak egitea da asmoa, mendeurren urtean borobiltzeko.

Aurtengo lehen zatiko egitasmo garrantzitsuenetako bat Lugar de encuentros IV instalatzea izango da. Eskultura haundi bat da, hormigoi armatuarekin egindakoa, 1973 eta 1974 urteen artean. Artelana Chillida lekun jarri ahal izateko lanean ari dira, 16 tonako obra eustea ahalbidetuko duen egitura baten sorkuntzan. Lugar de encuentros IV Chillida Lekun bisitatu ahal izango da Bilboko museografia berrian behin betiko instalatzen duten arte.

Udaberrian, aldiz, Phylida Barlow artista britaniarraren bakarkako erakusketa aurkeztuko du Chillida Lekuk. Nazioarteko artista ezagunen lanak aurkezten dituen sail bati jarraipena emango dio museoak, azken urteetan egin duen modura. Erakusketa honetako piezak eguneroko materialarekin osatuak egongo dira; kartoia, ehuna, kontratxapatua edo zementua erabilita, esaterako. Barlow, gainera, ez da hala nola hautatutako artista izan; zerikusi haundia du Eduardo Chillidaren estiloarekin. Bere piezek, Chillidaren obrarekin bat egiten dute grabitatea, masa eta materialtasuna bezalako elementu garrantzitsuetan. Barlowek berak aitortu izan du Chillidaren lanak garrantzi haundia duela bere obran.

Programazio berriez gain, oraindik ere ikusgai dago azken inaugurazioa, Zero Grabitatea lana; Chillidak grabitatearen aurka zeukan borrokaren ikerketa da.

Erakusketa proposamenekin batera, museotik jakinarazi dute tarifak eguneratuko dituztela, eta jarduera sozial, didaktiko, kontzertu, bisita gidatu eta tailerretako «egitarau bizia» eskaintzen jarraituko dutela.

EMYA sarirako izendapena jaso du Chillida Lekuk

Programazioaren aurkezpenaz gain, une gozoa bizitzen ari da Chillida Leku museoa. Berriki jaso du European Museum of the Year Award (EMYA) saria jasotzeko izendapena. Museoen sektoreko sari garrantzitsuenetako bat da, European Museum Forumek eskainia, Europako Kontseiluaren babespean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!