«EH Bilduk jauntxo baten jokabidea du»

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 14a, 00:00

Elkarrekin Podemos alderdiak dioenez Kaxkoan fatxadak margotzea nahi duten edo ez erabakitzeko «72 orduko tartea gutxi da bizilagunentzat» .

Urtarrilaren 10ean, Kaxkoko bizilagunek Udal-bando bat ikusi zuten ateetan, eta jakinarazi zieten, kontrako agindurik ezean, Udalak etxeetako fatxadak margotuko zituela. Elkarrekin Podemosen iritziz, «horiek pintatzea nahi duten edo ez erabakitzeko epea 72 ordu baino gutxiagokoa da, oso denbora gutxi bilerak deitzeko eta erabakiak hartzeko, are gehiago inolako informaziorik ematen ez denean. Zer fatxada margotuko dira? Hareharrizkoak, granitozkoak, entokadura dutenak? Gainera, bandoak fatxadak pintatzeaz zein atariak margotzeaz hitz egiten du. Ez da gauza bera fatxada bat edo atari bat».

Kaxkoan bizi diren pertsonek beste kezka eta premia batzuk dituztela dio Podemosek, «zuntz optikoa noizko eta nondik nora doan jakiteko? Zer gertatuko da fatxadak, armarriak eta ondare-elementuak zeharkatzen dituen kableatu guztiarekin? Zer gertatuko da lebanteekin?…».

Alderdi moreak dioenez, «berriz ere, Hernaniko EH Bilduk jauntxo baten berezko jokabidea du: ez dut kontuan hartzen interesdunen iritzia, ezta oposizioko alderdi politikoei abisatzea ere. ''Nire gehiengo osoak baimena ematen dit edozertarako''».

«Gure talde politikoak uste du Kaxkoak eta herri osoak arreta gehiago merezi duela, baina legegintzaldi osoan, ez presaka eta korrika, hauteskundeetarako lau hilabete falta direnean», amaitzen du esanez Podemosek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!