Auzoak biziagarriak izateko aukerez solasaldia, gaur zortzi

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 14a, 00:00

Aztikerreko ordezkariak eta Oier Agirresarobe zinegotzia eta Xabier Lertxundi alkatea.

'Auzo bizi eta aktiboetara bidean' jardunaldia, urtarrilaren 21ean Biterin, uda ostean auzoekin hasitako lanketa baten emaitza izango da.

Hernaniko auzoak biziagarriak izateko aukerez solastuko dira Auzo bizi eta aktiboetara bidean jardunaldian. Gaur zortzi, hilaren 21ean izango da, Biteri kultur etxean, eta uda ostean auzoekin hasitako lanketa baten emaitza izango da. «Iazko udazkenean egin genuen erronda herriko auzoetatik. Guztira, 15 bilera antolatu genituen eta horietan bizilagunen kezkak eta proposamenak jaso genituen. Prozesu horretan auzo elkarteekin ere hartu-emana izan genuen», azaldu du Xabier Lertxundi alkateak. 

Prozesu horrekin batera, Partaidetza Arloaren eskutik, Aztikerrek lanketa bat abiatu zuen auzoetan. «Hausnarketa prozesu bat izan da. Hernaniko biztanleriari buruzko datuen ustiaketa egin dugu, auzo elkarteekin lan egin dugu -galdeketak egin ditugu-, ausazko herritar batzuk aukeratu eta prozesuan parte hartzera gonbidatu ditugu eta Hernani Burujabe herri-proiektuan ari diren zenbait ordezkarirekin ere lan egin dugu. Zertarako eta auzoak hobetzeko eta etorkizuneko auzoak irudikatzeko helburuz», esan du Maitane Barrenetxeak, Aztiker aholkularitzako ordezkariak.
Prozesua ixteko emaitza
Hernani eta bere auzoak: auzo bizi eta aktiboetarako bidean jardunaldia da. Hilaren 21ean, larunbatarekin, izango da Biterin.

Hernani eta bere auzoak

Hernani ezaugarri eta izaera oso ezberdineko auzoek osatzen dute. Auzo batzuetan elkarte eta sare egonkorrak daude, ondo antolatu eta egituratuak, eta bertako bizilagunek atxikimendu haundia sentitzen dute auzoarekiko. Beste auzo batzuetan auzo izaera ahulduz joan dela aipatzen da azken urteetan (arrazoi ezberdinak tarteko), eta beste kasu batzuetan, badira ingurune batzuk ez daudenak auzo bati lotuta.

Hernaniko Udalak, gai honekiko hausnarketa bultzatu nahian auzo identitate eta komunitate sareen inguruko prozesu bat garatu du. «Gaiarekin lotura duten eragile eta pertsona ezberdinekin zuzenean egon gara ikerketa-hausnarketa prozesuan zehar eta orain, hausnarketaren ondorioak aurkeztu nahi ditugu Jardunaldi baten bitartez».

Jardunaldiaren helburu nagusia da auzoen bizitza eta bizigarritasunaren inguruan hausnartu eta Hernanirako eredu bat proposatzea. Horrez gain, «auzoen inguruko prozesuan hausnarketan aritu diren agente guztiak elkarrizketan ere jarri nahi genituzke, elkarren artean konektatu, eta gaian interesa duen herritar oro ere hausnarketan inplikatu», esan du Aztikerreko ordezkariak.

Nolako auzoetan bizi nahi dugu? Zer behar dute auzoek hobeto bizitzeko? Nola egin gure auzoak biziago eta aktiboago? Alde batetik, hausnarketa prozesuaren ondorioak aurkeztuko dira eta bestetik, etorkizunerako inspiratzaileak izan daitezkeen gonbidatuak ere gonbidatu dira.

 

Asistentzia baieztatu behar da 

Hernaniko Udaletik jardunaldian parte hartzera gonbidatu nahi dira herritar guztiak, auzoetako behar eta bizitzaren inguruan elkarrekin pentsatzen jar gaitezen.

Aldez aurretik asistentzia baieztatzea edota izena eman beharko da, lotura honen bidez: https://labur.eus/hernanietabereauzoak.

 

EGITARAUA

HERNANI-BITERIN

URTARRILAK 21EAN

09:30 – 10:15: Auzo identitateak eta komunitatea. Gaur egungo argazkia.
10:15 – 11:30: Hernani zein inguruetako esperientzia inspiratzaileak. Auzo bihotzak. Errenteriako Udala.
Auzo bizi eta aktiboak. Otxarkoagako auzo elkartea
Gure auzoa zainduz eta kudeatuz. Ereñozuko Auzo Udala.
11:30 – 12:00: Atsedenaldia.
12:00 – 12:45: Elkarrekin hausnartuz: nola egin Hernani auzoz osatutako herri biziago eta bizigarriagoa?
12:45 – 13:00: Jardunaldiaren itxiera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!