Eski irteera antolatu du Mendiriz Mendik, urtarrilaren 28rako

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 14a, 00:00

Eski alpinoa egingo dute Candanchun, eta iraupen eskia eta erraketak Somporten. Urtarrilaren 26ra arte eman daiteke izena.

Eski irteera antolatu du Mendiriz Mendi elkarteak, urtarrilaren bukaerarako. Hilaren 28an egingo dute, eta Candanchura eta Somportera joango dira, goizeko 06:00etan Atsegindegitik abiatuta, autobusean.

Hiru modalitate izango dira aukeran: eski alpinoa egingo dute Candanchun, eta iraupen eskia egin edo erraketekin ibiltzeko aukera izango da Somporten.

Parte hartu nahi duenak, izena eman behar du aldez aurretik, eta urtarrilaren 26ra arte dago horretarako aukera. 25 euro dira izenematea, eta autobus bidaia bakarrik sartzen da prezioan; materialaren alokairua, forfaita edota janaria, norberaren esku geratuko dira.

Apuntatu edota irteerari buruzko informazio gehiago jaso nahi dutenak, elkartearen bulegotik (Iturregi plaza) pasa daitezke, astelehen, ostegun eta ostiraletan, iluntzeko 20:00etatik 21:00etara.

 

Oberango pagadian barrena, ibilaldia bihar

Eskiatzera egingo dutena, ez da izango Mendiriz Mendiren aurreneko irteera aurten. Izan ere, bihar bertan, Hernaniko ingurunea hobeto ezagutzeko ibilaldia antolatu dute Hernaniko Udalak eta Mendiriz Mendik, Hernani Ezagutuz egitasmoaren barruan. Oberango ibilbidea egingo dute, Ereñotzuko inguruetan; eta bertara joateko, goizeko 08:00etan jarri dute hitzordua, Atsegindegin. Joan nahi duenak, nahikoa izango du pixka bat lehenago bertara azaltzea, doakoa baita irteera.

11 kilometro inguruko ibilbidea osatuko dute, Urumea ibaiaren erroari jarraituz zein Oberango pagadian barrena ibiliz, «Hernanitik dagoen pagadi ederrena». 800 metroko desnibel positiboa izango du ibilbideak, baina ez dauka zailtasun berezirik, eta nahikoa izango da mendiko material arrunta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!