Hilabeteko etenalditik bueltan, partidu gogorrak Euskal Ligan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 14a, 00:00

Hernaniko jokalari bat, baloi zaila altxatzeko ahalegin betean.

Hernaniko neskek Jatorkide bigarren sailkatua hartuko dute etxean, eta mutilak Navarvoley liderraren kantxan ariko dira.

Abenduaren erdialdera jokatu zuten azkeneko partidua, Euskal Ligako bi talde hernaniarrek; eta ordutik, hilabeteko etenaldi luzea izan dute, indarrak berritu eta jokoa fintzen jarraitzeko. Asteburu honetan bueltatuko dira lehiara, eta ez dute itzulera xamurra izango, partidu gogorrak jokatuko baitituzte.

Nesken taldeak jokatuko du etxean, gaur 18:15etan hasita, Hernaniko kiroldegian. Partidu garrantzitsua dauka, Udapa Jatorkide bigarren sailkatua izango baitu aurrez aurre. Bosgarren dago Hernani, baina oso parekatuta daude bi taldeak sailkapenean: 15 puntu dauzka Jatorkidek, eta 13 puntu Hernanik.

Are lan zailagoa izango dute Hernaniko mutilek, bihar goizean. Berriozarren ariko dira, 11:30etan, liderraren kantxan. Navarvoley indartsua izango dute kontrario, partidu bakar bat ere galdu ez duena. Oso erronka gogorra daukate hernaniarrek, baina etenaldien ondoren ohikoagoak izaten dira ezustekoak, eta horren bila joango dira Nafarroara. Orain arte, bederatzi partidutik bost irabazi ditu Hernanik, eta sailkapenaren erdi-erdian dago, seigarren, 14 punturekin.

Euskal Ligako taldeak ez ezik, gainerakoak ere bueltatuko dira lehiara. Horrela, beste lau partidu jokatuko dira Hernaniko kiroldegian. Gaur 12:00etan izango dira hiru: neska kadeteetan, Hernani 1 Arizmendi Bren kontra, eta Hernani 2 Aiztondoren kontra; eta mutil jubeniletan, Hernaniko bi taldeak elkarren kontra. Arra­tsaldean izango da laugarren partidua, nesken Eus­kal Ligakoaren au­rretik: nes­ka jubeniletan, Hernani 1 Osta­darren kontra, 15:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!