«Gazte langileon arteko batasun politikoa sustatzearekin batera, agintarien erasoaldiari aurre egin behar diogu»

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 14a, 00:00

Ibai Larburu eta Libe Murua urtarrilaren 28ko mobilizazioaren kartelarekin, Kronikarako elkarrizketan.

Urtarrilaren 28rako bi mobilizazio antolatu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak, 'Enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara' lemapean. Hala, Kronikak GKS-ko Ibai Larbururekin eta Libe Muruarekin jardun du eta mobilizazioaren xedeak zeintzuk diren ezagutu ditu, besteak beste.  

Urtarrilaren 28rako, ‘Enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara’ lelopean, mobilizazioa antolatu duzue. Zehazki, zergatik?

Denon ahotan dago krisi ekonomiko batean gaudela, hau sakona izanik. Baina guk krisi ekonomiko hau ez dugu berdin ulertzen, izan ere, denok ez dugu krisia modu berdinean jasaten, eta ez ditugu modu berean sufritzen ondorioak. Are gehiago, bankari eta enpresari haundiak irabazi asko ari dira lortzen, eta bitartean langileria eta bereziki gazteen bizi baldintzak okerrera doaz, langile askoren ezintasuna, soldatek gero eta balio gutxiago daukate... Beraz, gure irakurketa da egoera guzti hau enpresari haundi eta agintari haundien erasoaldi moduan, eta erasoaldi honek, hainbat aurpegi izan ditzake. 

 

Nori edo zeri buruz ari zarete agintari edota enpresa haundi aipatzean? 

Banku zentralak, nazioarteko diru funtsa, energia konpainia haundiak, armagintza enpresak, putre funtsak, elikagaien korporazio erraldoiak, plataforma eta industria digitala eta bestelako enpresari haundi asko. 

 

Erasoaldiak aurpegi ezberdinak dituela aipatzen duzue, zeintzuk? 

Begi bistakoa da ofentsiba ekonomiko bat dagoela, denen bizi baldintzak okertzen ari direla, bizi bitartekoen prezioak gora doaz eta geroz eta baliabide gutxiago ditugu; gure soldatak erasotzen ari dira, gazteok gero eta bizimodu pobreago batera kondenatuta gaude, baina arlo ekonomikoaz gain, ikusten dugu ofentsiba kultural eta politiko bat ere martxan jarrita dagoela. 

Ofentsiba kulturalari dagokionez, bereziki azpimarratu nahi dugu gazteon pobretzean normalizazio bat ematen ari dela, eta normalizazio hori zenbait mekanismoren bitartez ematen da. Adibidez: sare sozialen bitartez, edota komunikabideen bitartez, normaltzat jotzen da gazteok 30 urterekin emantzipatzeko adina; normaltzat jotzen da bizitza duin bat edukitzeko baldintzak ez direla betetzen; normaltzat jotzen da pisu bat elkarbanatzea… Eta pobrezia normalizazio guzti hau ofentsibaren parte dela ikusten dugu. 

Ofentsiba politikoari dagokionez, azken aldian, albistegietan honako albisteak agertu dira: kode penalaren gogortze bat ematen ari dela; gastu militarra haunditzen ari dela, poliziaren baliabideak haunditzen doaz… Beraz, adibide guzti hauek ofentsiba politikoaren parte direla ikusten dugu. Gizartea berregituratzen ari dira, eta gizartea etorkizuneko behar horietara egokitzen, eta guk ikusten dugu etorkizun horretan pobrezia ‘normala’ izango dela. Normaltzat joko dute, eta gizarteak hala sinistuko du. 

 

Beraz, erasoaldian, zein da agintarien eta enpresa haundien papera?  

Agintariak eta enpresak seinalatzen ditugu erasoaldiaren onuradun direlako. Ikusten dugu erasoaldiaren parte direla, hilero-hilero milaka liberaturen soldatak ordaintzen dituztelako, egoitzak, gastuak, administrazio publikoetan postuak lortzen dituzte erraztasun gehiagorekin, pribilegio gehiago dauzkate politikari profesionalak izateagatik… Modu honetan, ez dugu aldaketarik espero, ikusten dugu ez dutela ezer aldatuko, ez dute inongo borondaterik egoera aldatzeko. Beraien poltsikoak diruz betetzen dituzten bitartean, langileria geroz eta egoera miserableago batean jarraitzen du, eta egoera okerrera doa. Gainera pobretze errealitate hau gelditzeko etorri da. 

Beraien patrikak goraino betetzen dituzten bitartean, gazte belaunaldion bizi baldintzak okertzen ari dira. Gizarte mailan, proletarizazio prozesu orokorra dago martxan eta horren ondorioak nabariak dira gazte esparruan ere. 

Agintari hauek haien aurpegia zuritzeko diote 'gazteena da etorkizuna, zuen ahotsak entzun nahi ditugu, gazte kritikotasuna bultzatu nahi dugu', eta abar. Beraiek hori esaten duten bitartean, gazte langileok errealitatearekin egiten dugu topo: etorkizun duin baterako baldintzarik gabe gaude, miseriazko soldata baten truke egiten dugu lan, laneko abusuak jasan behar ditugu, kriminalizatu egiten gaituzte, eskubide politikoak ezabatzen dizkigute… 

Azpimarratu nahiko genuke, ikusi dugula azken urteotan, gazteen artean ari dela indartzen edo sortzen politikarekiko desatxikimendu haundi bat, eta noski normala da; azkenean ikusten duzu politikariak zer ari diren esaten eta jabetzen zara errealitatean zer ari den gertatzen, eta hor dago gatazka. 

 

Horren aurrean, zer egingo du orduan GKSk? 

Guk ulertzen dugu gizartea aldatzeko politika egin behar dela, baina ez oraingo politikarekin, beste forma batean. GKStik egiten duguna politika da, eta nahi dugu izan gazte langileontzako erraminta bat, bai formakuntza politikorako, bai eskubideak urratzen direnean hauek salatzeko… 

 

Manifestazioan, erasoaldia salatuko duzue? 

Bai, atarian aipatu dugun erasoaldia salatzeko bilduko gara, eta horrez gain, gazte langileon artean batasun politiko bat sustatzeko. 

Badakigu mobilizazio batek ez duela enpresarien erasoaldia geldituko, baina gazteon arteko antolakuntza eta borrokarako grina hedatzeko erabili behar dugu. Izan ere, gero eta jende gehiago eta lurralde gehiagotan mobilizatzeko testuingurua sortu behar dugu, baita enpresarien eta politikari profesionalen eraginetik kanpo antolatzeko bitartekoak hedatu ere. 

Beraz, urtarrilaren 28an egingo ditugun manifestazioak norabide horretan kokatzen ditugu. GKS, gazte langileontzako erraminta bat garen heinean, helburu horiekin konprometituta gaude eta gazte langileok antolatzen eta mobilizatzen jarraitzeko proposamenak garatzen jarraituko dugu. 

 
Urtarrilaren 28an, Buruntzaldeko herritarrek hitzordua, Bilbon.

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da mobilizazioa, Bilboko Jesusen Bihotza plazatik eta mobilizazio honekin beharrezkoa ikusten dugu, egoera honen aurrean, gazte langileon arteko batasun politikoa sustatzearekin batera, enpresari haundien eta agintarien erasoaldiari aurre egitea. Horregatik, horren guztiaren aurka mobilizatzeko hautua egiten dugu, gazteon artean borrokarako borondatea hedatzeko helburuarekin, besteak beste. Hori horrela, urtarrilaren 28an, manifestazioak egingo ditugu, Bilbon eta Iruiñean, ‘enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara!’ lemapean. Buruntzaldeako herritarrok, Bilbora goaz, eta bertaratzeko autobusas antolatu ditugu Hernanitik, eta izena eman daiteke, Txilin, Goiz Argin edota Instagrametik idatzita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!