Zuhaitzak kendu eta berriak landatuko dira Ave Mariako lizarren basotxoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 13a, 00:00

Ave Mariako basotxoa irudietan.

Egungo lizarrak gaixorik daude eta, egun haizetsuetan arriskua sor dezaketenez, horiek moztu eta bertako zuhaitzak landatuko dira bihar.

Ave Maria parkeko lizarren basotxoko zuhaitzen azterketa egin du Hernaniko Udalak. Azterketa horretan ikusi da lizar-ale gehienen adaburuak hostorik gabe daudela eta azpian adar zupatzaile asko atera direla. Zuhaitzaren erantzun hori zainetan dauzkan arazoen edo osasun txarraren sintoma argiak direla ohartarazi dute adituek.

Halaber, zuhaitzen adaburuetan adar lehorrak egotea arriskutsua izan daitekeela nabarmendu dute, egun haizetsuetan adar horiek zatitzeko arrisku haundia baitago. Jendea igarotzeko tokia denez, arrisku hori desagerraraztea gomendatzen dute. Beraz, lehentasunezkoa da gaixorik dauden zuhaitzak kentzea eta lurzorua sasiz garbitzea.

Lan horiek asteburuan hastea aurreikusten da.
Moztutako zuhaitzak bertan utziko dira, ekosistemarako balio haundikoak direlako. Izan ere, bertako basoa kontserbatzen laguntzen dute eta, horretaz gain, animalia-espezie askorentzako habitat berezia sortzen dute eta haientzako elikagaia ere bada. Ondoren, eremua baso autoktonoarekin birlandatuko da eta auzolanean egingo da, bioaniztasunaren alde aritzen den Sagarreta taldearekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!