Hezitzaileentzako II. Jardunaldiak antolatu ditu Kukulaisik Ermuan datorren urtarrilaren 28an

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 13a, 00:00

Topaguneko SENDI lan-taldea, UEMA eta Urtxintxa izango dira formazio emaileak eta bi gai nagusi landuko dira: hizkuntzen trataera lehenik, eta hezkidetza, ostean.

Kukulaisi aisialdirako topaguneak Hezitzaileentzako II. Jardunaldiak antolatu ditu. Urtarrilaren 28an izango dira Ermuko Izarra Centren, Nahi dugun aisialdi eredura jauzi! lelopean.  

Topaguneko SENDI lan-taldea, UEMA eta Urtxintxa izango dira formazio emaileak. Ermua aisialdi arloko eragileek elkarrengandik ikasteko topagune bihurtuko da 28an. Formazio egun aberats eta aberasgarri bat izatea espero da, eta oraingoan hitzaldiak baino, tailer dinamikoak, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko abagunea ematen dutenak izango dira protagonista. Bi gai nagusi landuko dira: hizkuntzen trataera lehenik, eta hezkidetza, ostean, bereziki harreman sexu-afektibo eta botere-harremanetan fokua jarriz.

Goizeko 10:00etan hasita, Kukulaisiren agurraren ostean hizkuntzen gaia landuko da jardunaldien lehen partean. Ostean, bazkaltzeko etenaldia egingo da 14:00etan, eta eguneko bigarren ardatzari helduko zaio gero. Aisialdia espazio libre, hezitzaile eta hazteko espazio gisa irudikatzen du Kukulaisik, eta horretarako, parekidetasunean oinarritutako aisialdi feminista eraiki nahi du. 

 

Informazioa eta izen ematea 

Izenematea doan da bazkideentzako eta 4 euro bazkide ez direnentzako (bertan ordainduko da dirutan). Bazkaria barne. Egitaraua eta izen ematea Kukulaisiren webgunean dago eskura: https://kukulaisi.eus/

Elkar ezagutzeko eta elkarrekin saretzeko helburuarekin lanean Kukulaisi euskera garatzeko helburua duten Euskal Herriko Aisialdi Elkarteen Elkartea da. Besteak beste, sektorea artikulatzeko jaio da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!