Ekainera bitarteko kultur programazioa, aurkeztuta

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 11a, 00:00

Ainara Aiestaran, Koro Etxeberria eta Nagore Irastorza, atzoko aurkezpenean.

Mota askotako kultur jarduerak izango dira sei hilabete hauetan, Hernanin. Gaur bertan izango da El lunes nos querrán liburuari buruzko solasaldia.

Kultur ekitaldirik ez da faltako urtarriletik ekainera arte, Hernanin. Atzo aurkeztu zuten datozen sei hilabeteetarako prestatu duten kultur programazioa, eta, oraingoan ere, mota guztietako ikuskizunez gozatzeko aukera izango da. Gaur bertan egingo dute lehenengo literatur solasaldia, Najat El Hachmi idazlearen El lunes nos querrán liburutik abiatuta. 

Musika ikuskizunei dagokienez, erregistro ezberdineko artistak lotzen saiatu dira. Anariren kontzertu akustikoa izango da, urtarrilaren 27an, Chillida-Leku museoan; Igor Elortzaren eta Rafa Ruedaren Anonyme Popular ikuskizuna, otsailaren 23an; eta Eñaut Elorrietaren Fantasia bira berriko kontzertua, martxoaren 16an. Horiez gain, musikari hernaniarrek ere badute tartea programazioan; Irati Jauregi hernaniarra parte den Karena taldearen kontzertuarekin, besteak beste. 

Dantzaren kasuan, bi emanaldi programatu dituzte. Lehena Kresala Dantza Taldearen Hitaz orhoit ikuskizuna, otsailaren 9an; eta bigarrena Mari Zaunka Kolektiboaren Erreka ondoan, bi gezur. Emanaldi honen kasuan azpimarragarria da estreinaldia izango dela. 

Antzerkiak eta literaturak tarte zabala izango dute

Agendako beste zati nabarmen bat antzerkiak hartzen du. Guztira 7 antzezlan ikusi ahal izango dira hilabete hauetan. Horietatik lau haurrei zuzendutakoak dira: Univers, Kelonia eta itsasoa, Chatungla eta Arrainak bihotzean. Gainontzeko hiruak, aldiz, helduentzat. Martxoaren 23an izango da Ez naiz inoiz Dublinen egon antzezlanaren txanda. Iñigo Aranburu, Iñigo Azpitarte, Mireia Gabilondo eta Aitziber Garmendia aktoreek osatutako obra honetan, besteen bizipen eta sinesmenen onarpenari buruzko komedia garratza ikusi ahal izango da.  

Literaturaren atalean, mantendu dituzte ipuin kontalariak, solasaldiak eta mintegiak, eta Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia ere iritsiko da Hernanira. Martxoko lau egunetan jatorri ezberdinetako narratzaileek kontatutako istorioak entzuteko aukera izango da. Bertan egongo dira Alberto Garcia belgikarra, Celine Ripoll frantziarra eta Martha Escudero mexikarra. Jaialdia martxoaren 17an amaituko da, ahozkotasunaren gala nagusiarekin, Biteri Kultur Etxean. 

Kokaleku aniztasuna, bermatuta

Ekitaldi mota adina kokaleku daude programazioan. Chillida-Leku museoan izango dira ikuskizun batzuk; Anariren kontzertua, esaterako. Gainera, Milagrosako formatu txikiko ikuskizunak mantendu dituzte, eta liburutegian ere hamaika literatur ekitaldi izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!