Euriak eragindako hiru istripu izan ziren atzo, Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 10a, 00:00

Argazkia: Euskadiko Suhiltzaileak

Lehenengo istripua Astigarraga parean gertatu zen, bigarrena Akarregiko irteeraren alboan, eta hirugarrena Galarretatik Hernanirako bidean.

Euriak eta eguraldi txarrak eragindako istripu ugari izan ziren atzo, Hernanin eta Astigarragan. Lehenengo ezbeharra 09:15ak aldera gertatu zen A-15 errepidean, Astigarraga parean, Martindegiko irteera baino lehenago. Kotxe batek istripua izan zuen, eta suhiltzaileek pertsona bat atera behar izan zuten, barruan harrapatuta geratu zelako. Bertan izan ziren Ertzaintza eta anbulantzia ere, zauritutako pertsona artatzeko. Istripuaren ondorioz, errei bat itxi behar izan zuten, eta auto ilara luzeak sortu ziren errepidean.

Bi istripu gehiago, arratsaldean

Arratsaldeko lehenengo orduan gertatu zen bigarren istripua, 14:15ak aldera. Akarregiko irteeraren ondoan izan zen, Donostiarako noranzkoan. Dirudienez, furgoneta batek eta kotxe batek egin zuten talka. Furgoneta segituan atera zuten errepidetik, baina gehiago luzatu ziren kotxea mugitzeko lanak. Horren ondorioz, denbora tarte luzeagoan itxita egon zen A-15 errepideko erraietako bat, eta auto ilara luzeak izan ziren.

Hirugarren ezbeharra ere Hernanin izan zen. Pare bat ordu beranduago, 16:30ak aldera, bi kotxek talka egin zuten Galarretatik behera doan bidean, Hernanirako noranzkoan. Zehazki, Galarretaren eta Sorgintxuloko irteeraren artean dagoen kurban gertatu zen ezbeharra. Talka haundia izan zen, eta beheranzko erraia moztu behar izan zuten. Trafikoa oso motel ibili zen istripuaren ondoren, eta ilara luzeak izan ziren arratsaldean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!