Garazi Etxeberria eta Gaizka Rodríguez nagusi, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 10a, 00:00

Hernani K.E.-ko igerilariak. Argazkia: Karmen Herrero, KHP-Foto Gipuzkoa Natación.

Eguberrietako XXIV. Hernani Sari Nagusian Buruntzaldeako eta Zarautzeko igerilariak irabazi zuten.

Garazi Etxeberria (Buruntzaldea) eta Gaizka Rodríguez (Zarautz) izan ziren irabazleak, larunbatean, Eguberrietako Hernani Sarian. Bertan, Buruntzaldea, Fortuna, Zarautz, Taosa eta Hernani igeriketa taldeek parte hartu zuten 100 metro tximeleta, 100 bizkar, 100 bular, 100 libre, 100 metro estiloak eta 4x50 libre probetan.

Bakarkako sailkapen bat egin zen proba eta kategoria bakoitzean eta Hernaniko Sariaren irabazlea, FINA Taula aplikatuz erabaki zen bi frogetako puntuaketak batuz mutiletan eta nesketan. 

Puntuen batuketan Garazi Etxeberriak irabazi zuen nesken mailan, 1.206 punturekin, eta Gaizka Rodríguezek mutiletan, 963 punturekin. Santiago Pérez hernaniarrak hirugarren bukatu zuen 840 punturekin. Miren Sarobe (Buruntzaldea)  eta Katia de la Fuente (Fortuna) izan ziren bigarren eta hirugarren nesken mailan. Mutiletan bigarren postua Jonah Cooke-ek (Zarautz) lortu zuen.  

Arratsaldeko denborarik aipagarriena Garazi Etxeberriak egin zuen 100 metro libre proban 59:22ko denborarekin. 610 puntu eman zizkion marka horrek. Mutiletan, Gaizka Rodríguezek proba berdinean lortu zituen puntu gehien, 55:81eko denborarekin, 518 puntu. 

Hernani taldeak 20 igerilari baino gehiago aurkeztu zituen txapelketara, maila ona erakutsiz. Igerilari askok beraien markarik onenak egin zituzten eta domina bat baino gehiago irabazi zuten euren mailetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!