Pentsionistak kontzentrazioak hasiko dituzte berriz ere bihartik Hernaniko Gudarien Plazan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 8a, 00:00

«Pentsiodun ahulenak abenduaren 27ko Errege Lege Dekretutik kanpo geratzen dira. Horiek ere neurri horretan sar daitezela eskatzen dugu».

Hernanin, 2022ko azken kontzentrazioan onartu zen bezala, plazara itzuliko dira. «Guztiok bizitza duina izateko eskubidearen defentsarekin konprometituta jarraitzen dugun kolektiboa gara». 

Pentsiodunen azken batzarrean, bihar urtarrilaren 9an kontzentrazioak berriro hastekotan geratu ziren eta beti bezala 12:00etan plazan elkartuko dira bihar aurrera.

«Pentsiodun ahulenak abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege Dekretutik kanpo geratzen dira». Horiek ere neurri horretan sar daitezela eskatzen dute pentsiodunek. Jubilatuen erreibindikazioa ondorengoa da: «Kotizazio eta kotizazio gabeko pentsio txikiak dituzten pentsiodunak, berriz ere, Gobernuak bizitzaren garestitasunaren aurrean egoera ekonomiko eta sozialei aurre egiteko onartutako neurri garrantzitsuenetik kanpo geratzen dira: 200 euroko txekea. Abenduaren 27ko araudian argi eta garbi ezartzen da pentsio kontributiboak eta ezkontributiboak dituzten pentsiodunek ezin izango dutela txeke hori eskatu. Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera kobratzen dutenek ere ezingo dute eskatu». 

«Pentsioen %50 baino gehiago, 1.000 euro gordin hilean baino bajuagoak dira»

Ondo deritzote hilean 1.900 euro inguru jasotzen dituzten familiek eta pertsonek eskatu ahal izateari, baina «uste dugu arrazoi gehiagorekin kobratu behar dutela hilean kopuru txikiagoak kobratzen dituzten pentsiodunek ere. Gobernuak ahaztu egiten du Espainiako pentsioen %50 baino gehiago Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren azpitik daudela (1.000 euro gordin hilean), eta emakume pentsiodunek pentsio txikienak jasotzen jarraitzen dutela, horietako batzuk pobreziaren atalasera urrituz». 

Eskatzen dute krisiaren aurkako dekretuan eskatzen diren errenta-mailako baldintzak betetzen dituzten pentsiodunak neurri horretan sar daitezela, neurri batean arindu baitezake prekarietate-egoera. 

«Pentsiodunok honako hauek eskatzen ditugu: 2011ko, 2013ko eta 2021eko pentsio-erreformen murrizketak iraultzea, pentsio publikoen erosteko ahalmena berreskuratzea, urte amaierako konpentsazio-ordainsaria berrezartzea eta gutxieneko pentsioa batez besteko soldataren %60an kokatzea». 

Era berean, egiturazko eta egoeraren araberakoak ez diren neurriak hartzea eskatzen dute pentsionistek, «pertsona guztiek bizi-baldintza duinak izan ditzaten, aberastasunaren bidezko banaketan oinarrituta. Horiek dira, besteak beste, orain dela 5 urte baino gehiago gure mobilizazioekin eskatzen ari garen neurriak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!