Hernaniko BHI-ko hamabi ikaslek eta bi irakaslek York bisitatuko dute apirilean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 8a, 00:00

York hirian, 2016an, beteranoak (gaur egun hilda) eta Hernaniko ikalseak.

Mugalari eta hegazkin pilotuen historia ezagutzeko, bertan bizirik dirauten Mundu Gerrako beterano bakanak ezagutuko dituzte eta Hernaniko Florentino Goikoetxea mugalariari eskainitako erakusketa ikusiko dute.

2023ko apirilaren 27tik 30era arte Hernaniko BHI-ko 12 ikaslek eta bi irakaslek Ingalaterrako York hirira bidaiatuko dute, Ingalaterran kokatuta dagoen ELMS-Ihesbide-Sareen Oroimen Elkarteren dirulaguntzekin gonbidatuta eta Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkartearen bidez antolatuta. Bertan, bizirik dirauten beterano bakanak ezagutuko dituzte eta Hernaniko Florentino Goikoetxea mugalariari eskainitako erakusketa ikusiko dute. Ikasle haien artean Florentinoaren birbiloba izango da.

Hirugarren bisita izango da. 2016an eta 2018an EPAB elkarteak Hernaniko BHI-ko ikasle eta irakasleentzat Ingalaterrara bisitak antolatu zituen, Memoria Historikoaren ekitaldi gisa.

Era berean, urtero Iparraldetik Hegoalderako mendi-martxa antolatzen du eta 2017an hainbat Hernaniko ikaslek eta irakaslek EPABen oroimenezko mendi martxan parte hartu zuten.

Euskal Pirinioak Askatasun Bideak Elkartea Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistroan dago eta Hernaniko Udalean kultur elkarte bezala erregistratuta dago. Bigarren Mundu Gerran zehar Naziek okupatutako Europatik penintsulara ihes egin zuten gobernu-agenteei, frantsesei, familia juduei eta aliatuen militarrei lagundu zieten Pirinioetako ihes-sareen memoria historikoa berreskuratzea da helburua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!