Bolada onean jarraitu nahi du Hernanik, eta Tolosa izango du urteko lehen aurkaria

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 7a, 00:00

16:00etan jokatuko dute 2023ko lehenengo partidua, Zubipen. Hernaniko neskek eta Mundarrok bihar jokatuko dute, Berion.

Gabonetako geldialdiaren ondoren, bueltan dira ligako partiduak. Zapore gozoarekin joan zen oporretara Hernani, eta halaxe jarraitu nahi du hasi berri den urtean. Gaur Tolosaren bisita jasoko dute berdeek, eta hiru puntuak etxean mantentzea izango da lehenengo helburua. Tolosak, orain arte, ez ditu emaitza onenak lortu. Kosta egin zitzaien denboraldi hasieran puntuak pilatzea, eta sailkapeneko 14garren postuan daude, 19 punturekin. Azken 5 jardunaldietan ere ez dute jarraikortasunik lortu emaitzetan: 2 garaipen, 2 porrot eta berdinketa 1 eskuratuta.

Egoera desberdina bizi du Hernanik. Orain arteko emaitzak ikusita, denboraldi bikaina osatzen ari dira Unai Munduateren jokalariak. Sailkapenaren puntan iritsi dira 2023ra, dagoeneko 33 puntu eskuratuta. 15 partida jokatu dituzte orain arte, bi jardunaldi falta zaizkie lehenengo itzulia bukatzeko, eta argi erakutsi dute igoera lortzeko borrokan aritu nahi dutela amaiera arte. Lehenengo itzuliko azken aurrengo partidua Tolosaren aurkakoa izango da, eta Elgoibarren kontra itxiko dute zikloa. 

Garrantzitsua da berdeentzat urte berria orain arteko erritmoan hastea, sailkapenean oso gertu baitaukate Añorga. Donostiarrek 32 puntu dituzte, Hernanik baino puntu bat gutxiago; baina berdeek baino jardunaldi bat gehiago jokatu dute. Beraz, gaurko partidua irabazita, 4 puntuko zuloa irekiko lukete sailkapenean.

Bihar jokatuko dute Hernaniko neskek eta Mundarrok

Hernaniko neskek Antiguokoren aurka hasiko dute 2023a, arratsaldeko 17:30etan. Bolada onean iritsi dira berdeak denboraldiaren bigarren zatira; bigarren postua dute sailkapenean, Realaren atzetik, eta urri amaieratik ez dute partidurik galdu. Kontrakoa da Antiguokoren egoera, ez baitute garaipenik lortu urriaren 16tik. 

Partidu horren aurretik, Mundarroko Erregional Preferenteak jokatuko du Berion. Azpiko postuetatik urruntzen hasteko aukera dute astigartarrek, Santo Tomas Lizeoari etxetik kanpo irabazita. Momentuz, 11garren postuan daude, 13 partidutan 16 puntu eskuratuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!