Sex Sua musikala etzi, Milagrosan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 6a, 00:00

Ligatzeko aplikazioak abiapuntu hartuta, gai askori buruzko kritika egingo du Andoni Mutiloa hernaniarrak.

Igandean itzuliko da jaioterrira, bigarren ikusikizunarekin, Andoni Mutiloa hernaniarra. Aurreko proiektuaren ikuskizunekin amaituta, SexSua musikala eskainiko du etzi, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Milagrosan. Bi urteko sormen prozesua izan du Mutiloak, eta musikal batean islatu ditu ligatzeko aplikazioei buruzko zenbait gogoeta. Ikuskizun honen bitartez, gaurkotasun haundiko gaiak landuko ditu, kritika sakonak plazaratuta, beti ere umore kodeetan.  

Nerabezarotik aurrera, adin guztientzat zuzenduta dagoen emanaldia da, baita ligatzeko aplikazioak erabiltzen ez dituzten pertsonentzat ere; izan ere, ligatzeko aplikazioak abiapuntu hartuta, gizarteko zenbait arazori buruzko gogoetak eskainiko ditu. Autoirudia eta desiragarritasuna izango dira aipatuko dituen gaietako bi.

 

Bi pertsonaia, baina pertsona bakarra

Musikalean zehar bi pertsonaia ezberdinen pasarteak ikusi ahal izango dira, baina Mutiloak berak gorpuztuko ditu biak. Hiruki ligatzeko aplikazioei buruzko aditu teorikoa, eta teoria guztia praktikan jarriko du Imanolek. Gainera, ikuskizuneko zati batean, bi pertsonaiek elkarrizketak mantenduko dituzte. Hor ikusiko da bien arteko talka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!