«Ikusleek gogoeta egitea da nire helburua, eta umorea hautatu dut hori lortzeko»

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 7a, 00:00

Andoni Mutiloa gogotsu dago SexSua ikuskizuna hernaniarrei eskaintzeko.

SexSua musikala sortu du Andoni Mutiloa hernaniarrak. Udaberrian aurkeztu zuen Donostian, eta Hernanin eskainiko du bihar, Milagrosan, arratsaldeko 19:00etan. Ligatzeko aplikazioak abiapuntu hartuta, gizarteko auzi askori buruzko gogoeta kritiko eta umoretsuak bildu ditu. 

Bueltan da, ikuskizun berri batekin, Andoni Mutiloa hernaniarra. Kabareta amaituta, SexSua musikala eskainiko du bihar, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Milagrosan. Gogotsu dago jaioterriko oholtza batera berriro igotzeko, eta gaurkotasun haundiko gaiak landuko ditu, umorearen bitartez. Ligatzeko aplikazioak abiapuntu hartuta, gizarteko zenbait arazori buruzko gogoetak eskainiko ditu. 

 

Bihar iritsiko da SexSua Hernanira , gogotsu zaude?

Oso gogotsu nago. Ilusio haundia egiten dit Hernanin emanaldia eskaintzeak. Esnatu naiz kabaretarekin gauza bera gertatu zitzaidan, 2020ko irailean aurkeztu nuen hemen, Biterin, eta sekulako oparia izan zen niretzat. Ardura da, baina, batez ere, ilusioa daukat; lagunak, familia, ezagunak ikusiko ditut aurrean, eta hori babes moduan sentitzen dut. 

 

Nola sortzen da musikal hau egiteko ideia?

Ikuskizuna sortzen hasi nintzenean ez neukan musikal bat buruan, monologo antzeztu moduko zerbait zen. Urtarrilean hasi nintzen gidoiaren lehenengo bertsioa idazten, eta ordurako banituen kantu batzuk erdi idatzita. Horietako batzuk bat egiten zuten antzezlanaren gaiarekin, eta erabaki nuen, biak uztartuta, musikala osatzea. Formatu txikiko musikala da, eta hori ere interesgarria iruditzen zait, ez delako ohikoa. Hori ere bada ikuskizun honen balio erantsietako bat. 

 

Deigarria da musikala ez zen ikuskizun batetik hasi, eta abesti propioak ekoiztera pasatzea.

Salto haundia da, bai. Kabaretaren kasuan antzekoa gertatu zitzaidan, hasiera batean ez zen kabareta izango. Kontua da nik oso gustuko ditudala musikalak, txikitatik egin dut dantza, eta gaur egun ere dantzatzen jarraitzen dut. Musika oso gustuko dut, kantatzea ere bai, eta, ez dakit nola egiten dudan, baina zaletasun horrek bere lekua hartzen du ikuskizunetan. 

 

Zure estiloa da, beraz, sinpletik hasi eta korapilatzen joatea.

Hala izan da orain arte. Kabareterako beste artista batzuen kantuak erabiltzen nituen. Guk bakarra sortu genuen, eta amets bat betetzea izan zen. Kasu honetan abesti guztiak sortu ditugu, sei dira guztira, eta, pentsatzen jartzen naizenetan, asko harritzen naiz egin dugunarekin. Eñaut Gaztañagaren laguntza ezinbestekoa izan da, bere estudioan grabatu ditugu abestiak, eta lagundu dit kantuei forma ematen. 

 

Artearen helburua izaten da ikuslea ez ateratzea sartu den bezala. Zer sortu nahi duzu jendearengan?

Asmoa da jendeak gogoeta egitea gaurkotasun haundiko gai batzuei buruz. Gehienbat ligatzeko aplikazioei erreparatuko diegu, baina harago doa, ez da hor geratzen. Asko zabaltzen ari dira aplikazio hauek, eta, horren ondorioz, sortzen ari dira harreman kode berriak, normalean aurrez aurre ematen ez direnak, guztiz ezberdinak direlako. 

Horrez gain, iruditzen zait gaur egun oso muturrean daukagula autoirudiaren kontzeptua; erakargarria izan beharra besteentzat, desiragarria izatea gainontzekoentzat. Sekulako presioa jartzen diogu gure buruari, eta horri buruzko gogoeta ere plazaratu nahi dut ikusikizun honen bitartez. 

Umorearen bidez landutako gogoetak dira; hala ere, gaia oso serioa eta potoloa da.

 

Umoreak laguntzen du begiratu nahi ez diegun arazoei erreparatzen?

Baliteke. Nik adibide zehatzetara jo dut, uste dudalako hor sentitzen dela jendea identifikatuta, hor ukitzen dugula benetan jendeak bizi duena, eta hor egiten dugula arramazka. Batek baino gehiagok esan dit deserosoa egin zaiola musikala ikustea, zentzu onean. Nik hori oso positibotzat daukat. Asmoa horixe baita, umoretik gogoeta egitea, eta hausnartzea zertan ari garen. 

 

Nori zuzendutako ikuskizuna da?

Publikoa zabala da. Ligatzeko aplikazioak dira aipatzen direnak, baina ez da bakarrik horiek erabiltzen dituztenei zuzendutako lana. Finean, egoera berri honek denoi eragiten digulako, aplikazioak erabili edo ez erabili, eta, modu batera edo bestera, guztiok gaudelako autoirudiaren kontzeptu berrian sartuta.  Ikuskizuna ez da haurrenztat, baina nerabezarotik aurrerako guztiei emango dizkie pistak gai hauei buruz. 

 

Lerroarteei buruz hitz egin dugu, goazen orain lerroetara. Zein da antzezlanaren haria?  

Bi pertsonaia ikusiko ditugu. Hiruki ligatzeko aplikazioetan aditua da, asko daki, eta ez du genero zehatzik. Ligatzeko aplikazioek eragiten dituzten ondorioei eta arazoei erraparatzen die; beti aipatzen du kontuz ibiltzeko, honekin edo harekin. Horregatik egiten du autoamodioaren apologia. Beste pertsonaia Imanol da, eta Imanolek bizi izan ditu edo praktikan jarri ditu Hirukiren ezagutza horiek. Esan dezakegu alderdi teorikoa dela Hiruki, eta praktikoa, aldiz, Imanol. Musikalean zehar ikusiko dugu teoriak eta praktikak nola egiten duten talka, eta zer nolako harremana sortzen den bi pertsonaien artean. Hori bai, bi pertsonaia daude, baina taula gainean pertsona bakarra egongo da, nik gorpuzten ditut biak. 

 

Pertsonaia bat baino gehiago gorpuzteak zailtasun tekniko haundia du? 

Bai. Gainera momentu batzuetan bien arteko elkarrizketak daude. Pantaila baten bitartez daukate harremana Imanolek eta Hirukik, eta hitz egingo dute haien artean. Horrek izan dezakeen konplikazioa da hirugarren elementuak sartzen direla jokoan: audioa eta bideoa, esaterako. Ez da erraza modu egoki eta naturalean egitea elkarrizketa. Horixe da antzezlanak daukan konplexutasun haundiena. 

 

Garrantzi haundia du taldeak halako ikuskizun bat sortzeko? 

Ezinbesteko laguntza izan dut prozesuan, bat aipatu beharko banu Amancay Gaztañaga aipatuko nuke, nire antzerki irakaslea da, eta bera izan da nire babesik haundiena. Baina, aldi berean, sormen prozesuaren zatirik haundiena bakarrik egin dut, eta gero etorri da ezinbesteko laguntza. Pentsatzen nuen bigarren ikuskizun honetan, ezagutza gehixeago izanda, erosoago ibiliko nintzela sortzeko garaian; bada, ez. Bakarrik sortzea oso gogorra da. Ez da gauza bera bakarrik sortzea babesarekin edo taldean sortzea, eta nik faltan somatu dut taldean sortzea, dena partekatzea; ardurak eta gozamenak, dena. 

 

Hernanin antzeztu ostean, zein izango da SexSuaren ibilbidea? 

Neguan ez daukat emanaldirik lotuta, biharkoa izango da azkena hilabete batzuetan. Orain udaberriko bira antolatzen ari naiz, emanaldiak lotzen. Horrez gain, emanaldirako sortu ditugun musika piezak aprobetxatuz, martxan jarri dut nire musika proiektua, Hiruki izenekoa. Lehenengo urratsak ematen ari naiz, baina hasi naiz kantuen bideoklipak egiten eta abestien nahasketa berriak egiten, horri bere lekua eskaini nahi diot. Gidoiari dagokionez, SexSuan lantzen dugun gaiagatik, iruditzen zait antzokietan ez ezik, beste formatu batzuetan ere lantzeko aukera dagoela. Gustatuko litzaidake ikus-entzunezko formatuan partekatzea. Ideia bat baino ez da. Besterik gabe, gozatzen jarraitu nahi dut.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!