Bihar bukatuko da aurtengo Bertso-Lata, puntako bertsolarien saioarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 5a, 00:00
Hiru Andoni eta hiru Ane aritu ziren bertsotan Kontrakantxan, Beñat Mujikak gidatuta.

Biterin izango da jaialdi nagusia, arratsaldeko 18:30etan. Sarrerak bertan izango dira salgai, 17:00etan.

Urte berriarekin batera, iristear da aurtengo Bertso-Lataren amaiera. Formatu ezberdineko sei ekintza antolatu zituzten Paulo Txikiya Bertso Eskolako kideek, eta bihar izango da aurtengo edizioko azken ekitaldia: arratsaldeko 18:30etan, Biteri Kultur Etxean. Itxiera jaialdi honetan, punta-puntako lau bertsolari arituko dira kantuan, txapelketa nagusiko hiru finalista tartean: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Saioa Alkaiza eta Amets Arzallus. Sarrerak Biterin bertan erosi ahal izango dira arratsaldeko 17:00etatik aurrera, eta 7 euro balioko dute. 

 

Gaztetxeko saioa eta erronda, urtea bukatzeko

Urteko azken bi egunetan ere aukera izan zen bertsolaritzaz gozatzeko. Abenduaren 30ean 'Izena eta izana' bertso saioa izan zen, Kontrakantxa gaztetxean. 80 pertsona inguru hurbildu ziren saioaz gozatzera, eta txukun aritu ziren kantuan sei bertsolariak. 

Urtea ohiko errondarekin amaitu zuten, Ohitura Zaharrak Elkartearekin batera, Kaxkoko kaleak alaituz. Trikitilariek girotutako kalejiran, kopla zahar eta berriak abestu zituzten.

 

Trikitilariek girotu zuten urteko azken arratsaldea.
 
Andoni Egaña, bakarkako lanean.
 
Kopla zahar eta berriekin borobildu zuten urteroko erronda.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!