Pentsiodunek datorren urtarrilaren 9tik aurrera elkarretaratzeak berreskuratuko dituzte

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 4a, 00:00

Pentsiodunak Gudarien Plazara bueltatuko dira astelehenetik.

Gudarien Plazan izango dira astelehenero 12:00etatik aurrera, «guztiok bizitza duina izateko eskubidearen defentsan».

2023ko urtarrilaren 15ean 5 urte beteko dira Pentsiodunen Mugimendua jaio zela. Bost urte hauetan egin dituzte, «elkarretaratzeak, manifestazioak, bidaiak Bruselara, bidaiak Madrilera eta Gasteizera, borroka-urteak, errebeldia eta erresistentzia Pentsioen Sistema Publikoari eta gure pentsioen murrizketari eta lapurretari egindako eraso sistematikoen aurrean».

Hernanin, 2022ko azken kontzentrazioan onartu zen bezala, plazara itzuliko dira. «Guztiok bizitza duina izateko eskubidearen defentsarekin konprometituta jarraitzen dugun kolektiboa gara». Pentsiodunen azken batzarrean, urtarrilaren 9an kontzentrazioak berriro hastekotan geratu ziren eta beti bezala 12:00etan plazan elkartuko dira datorren astelehenetik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!