'Ainarak' dokumentala eta Anari protagonista, urtarrileko emanaldietan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 3a, 00:00

Andoni Mutiloak eskainiko du 'Sex sua' emanaldia Milagrosan.

Agenda bihar, 18:00etan, 'Pintto pintto' antzerkiak Biterin eta Goiz Eguzki abesbatzaren Urteberriko kontzertuak Goiz Eguzkin irekiko dute. Andoni Mutiloaren 'Sex sua' emanaldia igandean izango da Milagrosan.

Hernaniko Kultura Sailaren neguko programazioa prest dago jada, eta aurrerapen gisa, urtarrilean eta otsaila hasieran izango diren emanaldien berri eman du sailak. Denetarik egongo da, baina musikak izango du protagonismo nagusia. 

Bihar, asteazkena, 18:00etan, Pintto Pintto haurrentzako antzerkia eskainiko da. Ordu berdinean, Goiz Eguzki abesbatzak, Urteberriko kontzertua eskainiko du Goiz Eguzkin bertan.  

Igandean, urtarrilaren 8an, 19:00etan Milagrosan, Andoni Mutiloa hernaniarrak Sex sua musikala taularatuko du. Ikuskizun honek antzerkia, dantza eta musika nahasten ditu. Aktore bakarra du oholtza gainean eta berarekin batera ilusio faltsuen bidean barneratuko gara, umorez eta dramaz betetako bidaia egiteko. 

Urtarrilak 25ean, 19:00etan dohainik, Biterin, Ainarak dokumentala proiektatuko da. Pirinioak oinez zeharkatzen zituzten Zaraitzu, Erronkari, Ansó eta Echo ibarretako milaka emakumek Maulera (Zuberoa) iritsi eta espartingintzan aritzeko. Anne Etchegoyenen eskutik, ainara gazte horien historia ezagutuko da. XIX. mende amaierako eta XX.aren lehen hereneko bi Europa oso desberdin lotzen zituen oinezko bide horrek, arrazoi ekonomikoengatik egindako genero-migrazio masiboa eta urtaroei lotuta egindakoa. 

Chillida Lekun, urtarrilaren 27an, Anarik kontzertu akustikoa eskainiko du. Anari diskoa kaleratu zuenetik: Habiak, Zebra, Irla izan edo Zure aurrekari penalak eta Epilogo bat diskoak grabatu ditu. Hogei urteko ibilbidean musikari anitzekin jardun bada ere, ondoan izan ditu hasieratik, besteak beste, Mikel Txopeitia, Xabier Olazabal edo Karlos Osinaga, bere ahots hautsi eta leunarekin batera, Anariren soinu pertsonala sortu dutenak. 

 

Otsailean ere emanaldiak

Hitaz Orhoit dantza ikuskizunak irekiko du otsaila, 19:30etan Biterin. Gerra gatazken basakeriaren eta zentzugabekeriaren biktima ikusezinen oroimenez sortutako lana da, nagusiki emakumeak protagonista dituena. Pieza subliminala, argia eta aztarna bere errautsetatik berpizten den arimaren babes espiritualerako mantu gisa dituena. Hitaz Orhoit lana, azken finean, zentzumenen pertzepziora zuzendutako antzezpen koreografikoa da, non dantzariak bere itzala airean marrazten dakien, mugimenduaren sentsualtasunaren eta keinuaren emozioaren artean, dantza obraren benetako protagonista bakar gisa hartuz. 

Emanaldi guztietarako sarrerak jarri dira salgai Biteriko lehiatilan edo online kultura.hernani.eus webgunean

 

Literatura irakurketak eta Gaztelekua

Bi literatur solasaldi, ipuin kontaketa eta literatur mintegi bat ere izango dira. Gaztelekuan mahai tenis txapelketa, Girl filma, Preguntados jolasa eta sukaldaritza tailerra izango dira.

 

EGITARAUA
HERNANI

 

BIHAR

18:00 Haur antzerkia: 'Pintto Pintto. Anita Maravillas'. 3 urtetik gorakoentzat. 50 minutu. Euskeraz. Biteri kultur etxean. Sarrera 3,50 euro leihatilan edo 'kultura.hernani.eus' webgunean.

18:00 Urteberriko Kontzertua. Goiz Eguzki Abesbatza. Goiz Eguzkin.

ETZI, URTARRILAK 5

18:00 Errege Kabalgata.

URTARRILAK 6

18:30 Bertso jaialdia. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Saia Alkaiza. Paulo Txikiya bertso eskolak antolatuta. Biteri kultur etxean. Sarrera, 7 euro.

URTARRILAK 8

19:00 'Sex sua'. Andoni Mutiloarekin. Milagrosan. Sarrera, 8 euro lehiatilan edo online 'kultura.hernani.eus' webgunean.

URTARRILAK 14

Kalez kale kantari eta Erromeria. Ohiko leku eta orduetan.

URTARRILAK 18

19:00 'Arrailak' bideokliparen aurkezpena. Maite Larburu, Ainara Azpiazu, Oskarbi Sein. Biterin. Sarrera librea da.

URTARRILAK 24

17:30 Ipuin kontaketa. Ixabel Agirresarobe. Liburutegian (4-6 urte) Gonbidapenak liburutegian.

18:00 Zilegi eskolak. Pantailak euskeraz. Alex Aginagalderekin. Biterin, dohainik.

URTARRILAK 25

19:00 'Ainarak' dokumentala. Biterin. Gonbidapenak.

URTARRILAK 27

19:30 Anari, emanaldi akustikoa. Chillida Lekun. Sarrera, 8 euro leihatilan edo 'kultura.hernani.eus' webgunean.

URTARRILAK 28

Independentzia eguna.

URTARRILAK 31

19:00 Literatura mintegia. 'Gari eta goroldiozko'. Anari. Liburutegian. Gidaria, Alaine Agirre.

OTSAILAK 9

19:30 'Hitzak Orhoit'. Kresala Dantza taldea. Biterin. Sarrera, 8 euro leihatilan edo online 'kultura.hernani.eus' webgunean.

URTARRILAK 11 eta 17

19:00 Literatur solasaldiak. 11n gazteleraz El lunes nos querran. 17an euskeraz Hormako paper horia. Liburutegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!