Enara Macicior eta Peru Arregi azkarrenak, San Silbestrean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 2a, 00:00

Makina bat korrikalari atera ziren mozorrotuta: pirataz jantzita osatu zuen lasterketa lagun talde batek, adibidez.

Giro ederrean jokatu zuten lasterketa larunbatean, eta mozorro bitxiak jantzita osatu zuten ibilbidea askok.

Urteroko hitzordu berezia jarri zuten larunbaterako, Urte Zahar egunez, CD Hernanik eta Hernani Wukrorekin elkarteak. Eta ohi bezala, asko eta asko izan ziren, 270 lagun inguru, urtea korrika bukatzeko gonbiteari erantzun ziotenak, bide batez Wukroko biztanleei laguntzeko bere aletxoa jarrita.

Denetik izan zuen Wukroren aldeko San Silbestre lasterketak, beste behin. Ez zuen hutsik egin lehiak eta pike sanoak, hortzak helmugaraino estututa, baina irribarre zabal batekin helmugan zein ibilbidean zehar. Ez zen falta izan giro ederra ere, ikusleek kaleen bazterrak eta plazak bete baitzituzten, korrikalariak pasa­tzen ikusi eta animatzeko. Eta bereziki nabarmena izan zen, Kale Nagusian gora, lasterketaren azkeneko metroetan osatu zuten pasilloa, partehartzaileak hegan eramateko helmugara.

Eta azkenik, presente egon ziren mozorroak ere, korrikalarien artean. Horrela osatu zuten ibilbidea askok, mozorro bitxi eta xelebreenak jantzita, ikusleen irribarreak zein barre algarak eragiteko.

Lehiaren atalean, etxean geratu ziren sariak, larunbatean. Hortzak bereziki estututa, Enara Macicior eta Peru Arregi izan ziren irabazle. Maciciorrek Nerea Arrutiri hartu zion aurrea, azkeneko metroetan; eta Itsaso Tolosa izan zen hirugarren. Arregik, berriz, metro gutxiren tartea atera zion Gaizka Izagirreri, eta Oier Arruti helmugaratu zen segidan, hirugarren.

San Silbestrean saria jaso zuten korrikalari guztiak, elkarrekin podiumean.
 

Mozorroei dagokienean, berriz, dagoeneko saria irabazitako bi herritarrek eskuratu zuten ohorezko izendapena: Xabat Pagolak eta Ander Amonarrizek jaso zuten mozorro onenaren saria, berriro.

Helduen lasterketaren aurre­tik, gainera, gaztetxoek ere izan zuten korrika gozatzeko aukera, eta ziztu bizian osatu zuten ibilbide laburragoa, Kaxkoan barrena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!