Adin guztientzako San Silbestrea, gaur Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 31a, 00:00

Wukroren alde izango da eta txikienek 16:50etan hasiko dute lasterketa eta nagusiek 17:30etan hasiko dute 4 kilometroko ibilbidea.

Gaur Wukroren aldeko San Silbestrea izango da. Adin guztietako herritarrek hartu ahal izango dute parte lasterketan. 8 urte artekoak, arratsaldeko 16:50etan hasiko dira; 8 eta 11 urte bitartekoak arratsaldeko 17:00etan; eta 12 urtetik gorakoak, berriz, 17:30etan. Azken hauek, lasterketa nagusian hartuko dute parte, guztira 4 kilometro osatuz. Beste urte batez, CD. Hernani eta Hernani Wukrorekin GKE elkarlanean aritu dira, urtea kirola eginez bukatzeko festa antolatzen.

Lasterketa honek dituen helburu nagusiak dira: «alde batetik, Wukrora laguntza bideratzeko errekurtso bilketa; bestetik, adin guztietako jendea Wukroko errealitatera gerturatzea eta kontzientziatzea; eta hirugarrenik, Gabonen barruan herri osoarentzat festa bat antolatzea, urteari amaiera emateko».

«Garai gogorrak dira Etiopian» hala aitortu dute antolatzaileek. Horregatik, aurreko edizioen antzera, aurtengoan ere, lasterketarekin lotzen diren diru baliabideak, osotasunean, Angel Olaran hernaniarrak Wukron gauzatzen dituen proiektuak finantzatzen laguntzera bideratuko dira.

 

Izena eman daiteke, zozketak eta saria mozorro onenari

Antolakuntzak dioenez, «gaur bertan izena eman daiteke irteera aurretik». Partehartzaileen artean, hamarnaka zozketa egingo dituzte herriko komertzio txikiek emandako produktuak banatuta. «Geroz eta jende gehiago mozorrotuta ateratzen dela ikusita, parte hartzen dutenen artean mozorro onenari sari berezia emango zaio».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!