Santa Barbara eta Elur Txori elkarteen arteko futbol partidua, bihar Zubipen

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 30a, 16:49

Santa Barbara elkartea 75. urteurrena betetzen ari da eta ospakizunen barruan antolatu da partidua, 11:00etan, Zubipeko futbol zelaian.

Bihar, abenduaren 31ean, futbol partida berezia ospatuko da Zubipen goizeko 11:00etan. Santa Barbara eta Elur-Txori elkarteak ariko dira lagun arteko deman: hamaikakoak bi elkarteetako bazkide eta lagunek osatuko dituzte, adin eta jite ezberdineko jendeak. Izan ere, 75 urte bete ditu Santa Barbarak aurten eta, hori ospatzeko, urtean barrena antolatu duen egitaraua itxiko du futbol partidak. Aspaldiko ohitura berreskuratu nahi izan da horrekin: urte asko da bi elkarteen arteko norgehiagoka egiteari utzi zitzaiola, baina 80ko hamarkadan egiten zuten bezala, herriko elkarteen arteko adiskidetasuna bultzatu nahi dute honekin berriz ere. Partida festa giroko 3. denbora batekin bukatuko dute beraz, errugbi zaleak bailiran.
Honekin, Santa Barbara elkarteak eskerrak eman nahi dizkie, beste askotan bezala, 75. urteurren honetan ere bidelagun izan dituen guztiei, Elur-Txori elkartearen izenean oraingoan. Eta bereziki eskertu nahi du C.D. Hernani ere, futbol partidua antolatzeko eman dion ezinbesteko laguntzagatik.
Santa Barbara 1947an sortu zuen halako baten premia ikusi zuen lagun talde batek, garai zailak izanagatik, gerra aurretik herrian zeuden antzeko elkarteak deseginak baitziren. Nafar kaleko 12aren beheko solairu eta terrazan hartu zuten egoitza, gaur, 75 urte geroago, jarraitzen duen leku berean. Geroztik makina bat mokadu goxo eta solasaldi ekarri dizkio hainbat eta hainbat herritarri, bazkide eta bestelakoei, baita danborrada, txaranga, txakolin nahiz onddo dastaketa, mus txapelketa eta era askotako festak ere.
75 urteak ospatzeko, ohikoak dituen jarduerez gainera, beste zenbait ere antolatu ditu aurten. Urriaren 22an txangoa egin zuten Errioxara, egun pasa San Vicente de la Sonsierran. Abenduaren 3an berriz, Santa Barbara egunaren bezperan, Imanol Iribarrenek elkartearentzat konposatutako doinua (Santa Barbarako Kunbia) estreinatu zuen Txilibita Fanfarreak, Txantxangorri, Xalaparta, Peña Otaño eta Elur-Txori bisitatzeko aitzakiaz herriko kaleak alaituz; lagun arteko afari ederrean amaitu zuten denak. Abesti hori eta bere garaian Isidro Ansorenak elkarteari eskaini zion Santa Barbara doinua aitzakia hartuta, diskoa ere grabatu dute, eta 2023ko otsailerako kalean izatea espero.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!