Jardunaldi garratza Hernaniko pelotarientzat

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 30a, 00:00

Ekhi Oses hernaniarra, azpitxapeldunaren trofeoarekin.

Ez zen jardunaldi bikainena izan hernaniarrentzat, 5 garaipen eta 9 porrot eskuratuta.

Jardunaldi garratza izan zen aurreko asteburukoa C.D. Hernaniko jokalarientzat. Une honetan jokoan dauden txapelketa ofizial eta pribatuetan 5 garaipen eta 9 porrot eskuratu zituzten. 

Ostiralean, Arrasaten jokatutako Gipuzkoako Errendimendu Txapelketako finalean, Ekhi Oses infantilak ezin izan zuen irabazi Etxaniz azkoitiarraren aurka. Hernaniarrak behatz batean min hartu zuen partidua hasi eta gutxira, eta horrek berezko maila ematea galarazi zion; 8-4 eta 8-2 galdu zituen bi jokoak. 

Gipuzkoako Errendimendu Txapelketarekin jarraituta, Hernaniko pelotariek bi kontsolazio final jokatu zituzten, baina ez zuten bat bera ere irabazteko aukerarik izan. Eneko Oiaga 1.mailako alebinak 8-7, 8-2 galdu zuen Soberon, Lapkeko pelotariaren aurka, Andoainen. Eta ostiralean bertan, baina Alegian, Ekhi Galdos 2. mailako alebinak ere galdu egin zuen Garmendiaren aurka. Partida hirugarren jokora joan zen, baina Intxurre taldeko pilotaria gehiago izan zen: 8-5, 7-8, 3-4.

 
Gaur jokatuko dute Salaberriak eta Expositok

Pelota profesionalari dagokionez, gaur hasiko da Binakako Promozioko Txapelketako seigarren jardunaldia. Asteasun jokatuko da, gaueko 22:00etatik aurrera, Salaberria-O. Etxebarria eta Zubizarreta III-Elizegi bikoteen arteko norgehiagoka. Iker Salaberria goizuetarra maila bikaina erakusten ari da txapelketan, lau t'erdiko dinamika onean jarraitzen du, eta jokatutako partidu guztiak irabazi ditu, Etxebarriarekin batera. 

Ordu laurden beranduago hasiko da, Bilbon, Larrazaba-Eskiroz eta Exposito-Bikuñaren arteko partidua. Hodei Exposito astigartarra ere txukun ari da, bikote lehiakorra osatu dute Bikuñak eta biek, eta goiko postuetan mantentzen ari dira, Expositoren profesional mailako lehen binakako txapelketan. Sailkapenean, laugarren postuan daude, jokatutako 5 partiduetatik 3 irabazita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!