Oposizioko talde guztiek ezezkoa eman diote 2023ko udal aurrekontuari

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 30a, 00:00

EAJk, PSE-EEk eta Podemosek 2023ko aurrekontuen aurka bozkatu zuten.

Oposizioko hiru taldeek bozkatu zuten aurka, eta agindutakoa ez betetzea egotzi diote EH Bilduri.

Joan den astean egin zen urteko azken plenoa, Hernaniko udaletxean, eta bertan onartu zen 2023ko aurrekontu orokorra, EH Bilduren botoekin. 33.146.600 eurokoa da aurrekontua, iazkoarekin alderatuz, %6,3 altuagoa, baina gabezi ugari antzeman zituzten oposizioko taldeek; hala, aurka bozkatu zuten EAJk, PSE-EEk eta Podemosek.

Andoni Amonarraizek, EAJko bozeramaileak, adierazi du «aurrekontuen Osoko Bilkuran agerian geratu zirela EH Bilduren gabeziak». Jeltzaleek zenbait gairi buruzko lanketa falta nabarmendu dute; hala nola, aipatu dituzte aparkalekuak, trafikoaren norabidea, kale-garbitzaileak, atez-atekoa eta adinekoekin egindako lana. 

Amonarraizek gehitu du «EH Bilduk noraezean jarraitzen duela, eta garaiaren arabera hartzen dituela erabakiak», eta aparkalekuen gaia jarri du adibidetzat: «Duela 6 urte esan zuten Hernanik ez zuela aparkalekurik behar, eta orain, hauteskundeetarako hilabete gutxi falta direnean, azterketa bat egitea proposatu dute».

Antzeko adibideak erabili ditu Ricardo Crespok, udal talde sozialistaren bozeramaileak, PSE-EEren ezezkoa azaltzeko. Sozialistek uste dute ez dela Hernanik behar duen aurrekontua: «Gure taldeak oraindik uste du EH Bilduren aurrekontuak adarjotze bat direla, ziurgabetasun une hauetan ez dutelako konfiantzarik eskaintzen», adierazi du Crespok. Sozialisten ustetan, aurtengoa «Hernaniko historiako aurrekontu altuena» den arren, «gauzatu gabeko proiektu zaharren bilduma batean» geratu da.  

Adibide zehatzei erreparatuz, atez-atekoaren datuekin kritiko agertu dira sozialistak: «2023an 2 milioi euroko gastua gainditu du, hondakinak biltzeko sistema hobetzeko aldaketarik egin gabe, eta sistema horren etorkizunari buruzko herri galdeketa baten eskaera gutxietsiz», eta «helburu alderdikoiak» lehenestea egotzi diote EH Bilduri. 

Azkenik, Elkarrekin Podemos ere atsekabetuta agertu da onartutako aurrekontuekin: «Konfiantzazko botoa eman genion gobernu-talde berri bati, ibilbide berri bati, aurreko akatsik gabe, beraz, konfunditu egin gara». Elkarrekin Podemosek hiru zuzenketa partzial negoziatu zituen EH Bildurekin: Etxebizitzan inbertitzea, inbertsioa Goiz Eguzkin eta auditorioan inbertitzea. «Premiazkotzat» jotzen dituen proposamenak dira, eta, negoziaketetan partidak haunditzea lortu duten arren, «ez zaizkie nahikoak iruditzen».

Honen aurrean, Elkarrekin Podemosetik adierazi dute «ezin dutela konfiantzarik izan, promesak bakarrik ikusten dituztenean», eta arrazoi horrengatik bozkatu dute aurrekontuen aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!