Bertso-Lataren giroan jarraitzeko, 'Izena eta izana' bertso saioaren txanda izango da gaur, Kontrakantxan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 30a, 00:00
Andoni Egaña izango da gaurko saioan kantatuko duenetako bat.

Kantuan ariko dira Andoni Egaña, Ane Labaka, Andoni Mujika, Ane Zuazubiskar, Andoni Rekondo eta Ane Beloki. 19:00etan hasiko da bertso saioa.

Aurrera doa 2022ko Bertso-Lata. Laugarren ekitaldia izango da gaurkoa: 'Izena eta izana' bertso saioa, Kontrakantxa Gaztetxean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Saio berezia osatu nahi izan dute antolatzaileek, eta emanaldiaren izenak ematen ditu pista batzuk; izan ere, kantatuko duten bertsolarien izenekin jolasteaz gain, adin eta bertsokera ezberdineko kideak elkartu dituzte. 

Kantuan arituko dira Andoni edo Ane izeneko sei bertsolari: Andoni Egaña, Ane Labaka, Andoni Mujika, Ane Zuazubiskar, Andoni Rekondo eta Ane Beloki. Saio hau entzuteko ez da sarrerarik behar, librea izango da. 

Urtea bukatu bitartean Bertso-Latako beste ekitaldi bat ere izango da, Hernaniko kaleetan zehar. Ohiturak mantenduz, Urte Zaharreko Erronda antolatu dute Paulo Ttikiya Bertso Eskolak eta Hernaniko Ohitura Zaharrak taldeak. Arratsaldeko 17:30etan egin dute elkartzeko deialdia, udaletxeko arkupetan, eta, baserritarrez jantzita, Kaxkoko kaleak alaituko dituzte bertso eta musikarekin. 

Bertso-Lataren aurtengo edizioa Errege egunean amaituko da, ekitaldi nagusiarekin. Punta-puntako lau bertsolari arituko dira, arratsaldeko 18:30etatik aurrera, Biterin: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Saioa Alkaiza eta Aitor Mendiluze. Jaialdia ikusteko sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira, Biteri Kultur Etxean bertan, eta 7 euro balioko dute. 

 

Orain artekoa, giro bikainean

Bertso-Latako hiru ekitaldi egin dira dagoeneko, eta giro ona izan da nagusi guztietan. Umeen egunak ireki zuen egitaraua, bailarako eskoletako haurrekin, eta jarraipena eman zioten programari Elur Txori Elkartean egindako gazteen bertso saioak eta Osiñaga auzoan zehar, Olentzero eta guzti, egindako errondak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!