Elkarretaratzea isunaren kontra, Kontseilu Sozialistak

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 29a, 00:00

Astelehenean egin zuten isunaren kontrako elkarretaratzea, Plazan.

Txosna jartzeko «betoari aurre egin» eta txosna jartzeagatik, Udalak 3.168 euroko isuna jarri izana salatu du BKSk.

Joan den astean, 3.168 euroko isuna jarri zion Hernaniko Udalak Mugimendu Sozialistari, San Joanetan txosna baimenik gabe jartzeagatik. Horren aurrean, elkarretaratzea egin zuten astelehen iluntzean, Plazan, Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak deituta. Salatu dute, «betoari aurre egin eta txosna jartzeagatik» Udalak isuna jarri izana. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 200 lagun inguru bildu ziren Plazan.

Txosnaren auziaren harira, kritikatu dute Udalak zein txosna batzordeak «ukatu» egin zutela «San Joan jaietan Mugimendu Sozialistak txosna jartzeko eskari oro», eta bere «posizio politikoagatik zokoratzen eta itotzen» saiatzen ari dela EH Bildu: «Horren adibide dira, beto zein bazterketa politiko oro».

Horren aurrean, «Euskal Herriko edozein jaitan txosnak jartzeko eskubidea» aldarrikatu du Kontseilu Sozialistak, eta Hernaniko Udalari «exijitu» dio, isuna kendu eta datozen San Joanetan txosna jartzeko bermea eman diezaiola.

Bestalde, isunaren kontrako pintadak azaldu dira zenbait herritan: Tolosan, Azpeitian, Gasteizen edota Bilbon. Espazio publikoaren pribatizaziorik ez! bezalako mezuak jarri dituzte.

 

Krisi ekologikoari buruz, mahai ingurua gaur

Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak berak antolatuta, krisi ekologikoari buruzko mahai ingurua izango da gaur, 17:00etan Biterin. Parte hartuko dute Mugimendu Sozialistak, Enherkomek eta Antonio Casado ikerlariak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!