Beste hainbatetan bezala, Maialen Lujanbioren hirugarren txapelarekin ere gordelekutik atera ditu Juanjo Uria Zubiarrainek, duela bost urtetik idatzita zeuzkan bertsoak: «Gordean jarraituko zuketen, Maialen bertso munduan egiten ari den ibilbidea behin eta berriz edertzen joan ez balitz. Maialen egiten ari dena, bertsoa baino gehiago da. Hasteko, gizonok sortu dugun pribilegiozko mundu petral eta zitalean zirrikiturik aurkitzeko emakume duin, ausart, trebe eta kapaza izan delako (beste batzuekin batera, zorionez); eta baita, bertsolaritza (historian) oso gutxik bezala, mezuz eta printzaz hornitzen ari delako, eta hitzez, edukiz eta mamiz, eta osagaiz eta ideiez, eta moldez eta berrikuntzaz. Eta batez ere opariz. Ez dut orri hau ordea, esaera ikusgarriz bete nahi. Ez dut Maialen Jainkoaren pare jarri nahi (historiak ipiniko du bere lekuan nik baino hobeto) eta horregatik gauza (gauzatxo) bat bakarrik esango diot. Ze politta Maialen igandekoa; ze politta Maialen egiten ari zarena; eta ze ederra hainbeste jende horren guztiaren lekuko izateko aukera zoragarria izatea. Jakin ezazu, herritar askok miresmenez (eta esker onez) begiratzen diogula egin duzun bideak eskaintzen ari zaigun guztiari».
Honakoak dira Juanjo Uriak duela bost urtetik idatzita zeuzkan 14 bertsoak, Ilun ikarak azken argia doinuan; eta bukaeran 15garren bat, orain idatzi duena, Gogoratuko zara doinuan:
Nola ukatu bere bertsoei
fintasuna dariela,
ohikoa ez den dotoreziaz
jantzi ditu mila perla,
gauza da jende aurrean dena,
hain leun esaten duela,
zaleei ia bertsoak amets
iruditzen zaizkiela.
Bertsoetatik, ugari ditu
gozo, alaietakoak,
baina ez ditu bazter lagatzen
inoiz, errietakoak,
dauzka kolore, neurri, errima,
klase guztietakoak,
barnean horren erraz ahanzten
ez diren horietakoak.
Gaiak lantzeko beti izan du
egokitasun aparta,
komeni bada zuzen jotzen du
komeni bada zeharka,
ta agertzeko bere bertsoen
ta izaeraren marka,
beti gordea, baina beti prest
izaten du azken karta.
Zorrotzetik nahiz leunetik ere
aritzen den esalea,
barregurea eragingo du
edo atera sablea,
sarri askotan entzun da: "Hau da
Maialenen seinalea”,
bertsoa jolas bihurtzen duen
sortzaile joko zalea.
Bere estilo berritzaileak
azkar hartu zuen goia,
baina denborak ez dio kendu
freskura eta sasoia,
bertso honetan zer joko digu:
txirula edo trumoia,
denak urduri, entzun nahi baita
bere azken arrazoia.
Gaia entzunda erabaki du
doinuaren akordea,
eta ondoren bere bertsoen
egituraren moldea,
entzule dugun bertsozaleak
ezer ez daki ordea,
azkenerako zer burutapen
daukan barruan gordea.
Nahiz badakigun dabiltzala lan
arriskutsu labainean,
ez dakit inoiz ikusi dudan
ideietan ezinean,
ta gehienetan aritzen denez
horren maila bikainean,
iruditzen zait ez dijoala
“alanbrearen gainean”.
Bertsolariak mundura jaio
egiten omen zirela,
nahiz Amurizak agindu zigun
posible zela bestela,
Maialenekin behintzat uste dut
adierazi daitekeela,
egin, egin bai, baina neska hau
bertsolari jaio zela.
Edo agian zuentzat beste
modura esatearren,
egon zaitezte erne samar ta
entzun ezazue arren,
Maialen honek bertso eskolan
fin ikasi zuen arren,
erein, erein zen, baina ume hark
berezkoa bazekarren.
Bertso soka ez etetea zen
bertso eskolen desira,
galtzen ari zen ohitura zaharra
itzul zedila herrira,
eta geroztik gazteen maila
asko igotzen ari da,
ta orduko haur mukitsu haiek
orain txapeldunak dira.
Eta agian gobararekin
edo gobararik gabe,
bera da jite estimagarri,
eskuzabal baten jabe,
beti jardun du buru belarri
aritu denaren pare,
gure euskara oraindik ere
erasotuaren alde.
Saio askotan maiz aurrez aurre
jartzen zaion bakoitzeko,
badu gai sakon hunkigarri bat
brometan ez ibiltzeko,
eta Maialen hor agertzen da
adeitsu eta hitzeko,
bertso bidetik emakumeen
kausan konprometitzeko.
Ta jakina da, bertsotan ere
gizona zela ahalduna,
baina borroka latz bat eman da,
helburu, berdintasuna,
ta orain arte, ia soil-soilik
gizonena zen jarduna,
bihurtu nahi da andra-gizonen
berdintasun erresuma.
Hernaniarroi gozo iritsi
ohi zaigu bere ahotsa,
askotan horren eztia baina
behar denean zorrotza,
horra ba, honatx Hernanik zintzo
egiten dion aitortza,
Maialen jada bihurtu baita
herri osoaren poza.
“Borroka irabazteko
desesperantzari”,
lekua egin gure
artean hitzari,
eutsi elkartasunak
dakarren giltzari,
desberdinen arteko
adiskidantzari,
zentzua aurkitzeko
gure bizitzari.
(Doinua: Gogoratuko zara)