Faborito argirik gabe, Binakako Txapelketaren finala jokatuko dute gaur arratsaldean Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 29a, 00:00

Lau finalistak elkarrekin, astelehenean. Argazkia: Maialen Andres

Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Ander Goikoetxeak jokatuko dute, Beñat Segurolaren eta Iban Larrañagaren kontra, 17:30etan hasita.

«Sentsazio oso onekin» iritsiko da Endika Barrenetxea hernaniarra, gaurko egun haundira: Binakako Txapelketaren finala jokatuko du, Ander Goikoetxea urnietarrarekin batera, arratsaldeko 17:30etan hasita Galarretan. Aurrez aurre izango dituzte Beñat Segurola aizarnabaldarra eta Iban Larrañaga azkoitiarra, faborito argirik gabeko finalean.

Asteleheneko pelota aukeraketan aitortu zuen hernaniarrak, «konfiantza» hartu zutela semifinaleko garaipen erosotik: «Gogotsu gaude. Niretzako oso berezia da final hau, Goikoetxearen aurreneko finala izango delako, eta nirekin jokatuko duelako. Hiru aldiz iritsi gara finalaurrekoetara, eta orain arte, ez dugu inoiz lortu finalera sailkatzerik. Orain, txapela janzten saiatuko gara».

Kontrarioek ez dizkiete lanak erraztuko, eta ondo dakite hori: «Segurolak eta Larrañagak gehiago lantzen dute jokoa eta tantoa, eta beharbada gehiago kostatzen zaie tantoak bukatzea, baina oso serio jokatzen dute. Pelota gutxi galduko dituzte, eta asko landu beharko dugu tanto bakoitza». Gakoa sakea izango dela uste du hernaniarrak: «Larrañaga sakaitzaile bikaina da, eta ni ere saiatuko naiz sakearekin min egiten, hurrengo pelota aprobetxatzen saiatzeko. Kasu honetan, badakigu errebotean ez dugula zulorik aurkituko, finalerdian ez bezala».

«Oso partidu gogorra» espero du Ander Goikoetxeak ere, eta «ilusioz» helduko dio erronkari. Iban Larrañagak, berriz, aitortu du beren burua ikusten duela «faborito», final irekia espero duen arren. Eta Beñat Segurolak, azkenik, gogora ekarri du «elkarrekin» hasi zirela Larrañaga eta bera erremontean, eta elkarrekin egin zutela debuta ere: «Polita izango litzateke elkarrekin irabaztea».

Lau finalistek aritu beharko dute bere maila onenean, txapela jantzi nahi badute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!