Urte gazi-gozoa izan du Hernani Errugbi Elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 28a, 12:55

M18 eta nesken taldeek Euskal Liga irabazi zuten. 23 urtez azpikoak oso ongi ari dira lehiatzen Espainiako Ligan eta Ohorezko B Mailako taldea, urte amaieran, igoera fasea jokatzetik kanpo geratu da bigarren urtez jarraian. 

2022 urtea errugbiarentzat urte arraroa izan da. Lehenengo taldeak urtea helburu gabe hasi zuen. Ohorezko Mailara igotzeko borrokatik kanpora geratu zen 2021amaieran eta 2022ko urtean partidu ofizialak bai, baina bigarren fasea kaotikoa izan zen. Hasi aurretik salbazioa lortua zuen Hernanik eta partidu garrantzitsurik ez zuen jokatu.

Urrian hasi zuten denboraldi berria eta lehenengo bi hilabeteak oso garrantzitsuak izaten dira. Aurreko denboraldian gertatutako ez errepikatzea zen helburua, baina 2022a aurreko urtea bezala amaitu dute. Aurkari zuzenen aurka galdu eta bederatzi onenen multzora sailkatzea ez da lortu. Zapore garratzarekin amaitu du urtea lehenengo taldeak, nahiz eta azken partidua irabazi. 

Neskek denboraldi ona osatu zuten. Euskal ligako txapeldun irten ziren neskak finalean partidu bikaina jokatu eta gero. Neska trikoloreek 27-17 garaitu zuten Bera Bera. 2022an hasitako denboraldian arazo gehiago izan dituzte taldea osatzeko, baina lortu dute eta maila txukunean ari dira. 

23 urtez azpikoek txapelketa ona osatu zuten Espainia mailan eta aurten ere ederki hasi dute denboraldia. Espainiako ligako brontzezko finala jokatu zuten, Bartzelonan. Finalean Bartzelona nagusitu zitzaien hernaniarrei.

18 urtez azpikoek, berriz, Espainiako Txapelketa jokatu zuten, Valladolide eta zazpigarren postuan sailkatu ziren. Astebete aurretik amaitu zen M18 Euskal Liga erregularra, eta Elorrion jokatutako partiduaren ondoren, Hernani taldeari txapeldunaren garaikurra entregatu zion Euskal Errugbi Federazioak

M14 taldeak, berriz, lurralde historikoetako irabazleen aurka aritu ziren, eta 00-14 irabazi zuten trikoloreek, eta modu honetara, Euskal Jokoetako txapeldun izan ziren Lakuan, aurretik Gipuzkoako txapeldun izan eta gero.. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!