Gaur hasiko da Euskaraldiko errekuperazio fasea, ariketa gaizki egin edo nota igo nahi dutenentzat

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 28a, 00:00
Errekuperazio garairako, txapa berriak egin dituzte.

Dobera Euskara Elkartean eskuragarri daude Euskaraldiko notak, eta bertan lortu daitezke txapa berriak, errekuperaketa ediziorako.

Herri bakoitzeko batzordeek aste honetan jaso dituzte Euskaraldiko emaitzak, eta nota kaxkarra geratu zaio Hernaniri: 4,7. Herritarren %56ak ez du lortu Euskaraldia gainditzeko maila; datuei erreparatuz, o sea eta máquina izan dira gehien erabilitako hitzak. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala ikusteko erositako sarrera kopuruak igo egin du Hernaniren nota, baina ez da nahikoa izan gainditzeko. 

Emaitzak, oro har, txarrak izan dira Euskal Herri osoan, eta, egoera honen aurrean, antolatzaileek beharrezkotzat jo dute errekuperazio fasea martxan jartzea. Euskaraldiko kideek deialdia zabaldu dute «ariketa gainditu ez duten, edota nota igo nahi duten» herritarrentzat, eta zozketak eta sariak antolatu ditu, herri bakoitzeko merkatariekin elkarlanean.

Gaurtik urtarrilaren 4ra izango da errekuperazioa, eta parte hartzeko Dobera Euskara Elkartearen bulegoan (Larramendi kalea 11, behea) jaso behar dira txapak. Berrikuntzak ere izango ditu faseak, oraingo honetan kontrol haundiagoa jarriko dute Ariguneetan, benetan merezi duenak bakarrik gainditu dezan; herriko jendea jarriko dute Euskeraren sorosle lanak betetzen, besteak beste. Horrez gain, hizkuntza findu eta zorroztu nahi dutenentzat, Elhuyar hiztegiaren irakurraldiak izango dira aste honetan zehar, Biterin. Gaur A-G pasarteak irakurriko dituzte.

Herriko eragileak, kezkatuta

Doberatik adierazi dute beharrezkoa dela ariketaren bigarren fase hau, notak ez direlako esperotakoak izan: «Zaku galanta daramate batzuek bizkarrean, jendeak ez du behar bezala egin ariketa, eta herritar ugari gorrituko dira emaitzak argitaratzen ditugunean». Doberak errekuperazio fasearen aurkezpen festa antolatu du, eta taloak, bertsoak eta erromeria izango dira, arratsaldeko 19:00etan, Plaza Berrin. Bertan ere izango da txapak lortzeko aukera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!