Partidu haundia jokatuta, Sakanako Txapelketa irabazi du Enara Maciciorrek, Naroa Otxoarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 28a, 00:00
Naroa Otxoa eta Enara Macicior, txapela jantzita, Etxarri Aranatzen.

Hernaniarrak eta etxarri aranaztarrak 25-15 irabazi zuten final ikusgarria, Eizmendiren eta Lusarretaren kontra, joan den larunbatean.

Txapelketa ofizialen etena aprobetxatuz, Sakanako Txapelketan aritu dira Enara Macicior eta Ane Kerejeta palista hernaniarrak. Eta urtea ezin hobeto bukatzeko baliatu du aurrenekoak: txapelarekin bueltatu da Macicior, Naroa Otxoa etxarri aranaztarrarekin nagusituta.

Joan den larunbatean jokatu zituzten txapelketako finalak, Etxarri Aranatzen. Lehenengo mailako finala jokatu zuten Maciciorrek eta Otxoak, Nahia Eizmendiren eta Andrea Lusarretaren kontra. Ikusgarria izan zen partidua, eta maila ederrean aritu ziren lau finalistak, oso serio aritu eta sekulako tantoak jokatuta. Baina, denen artean, bereziki nabarmendu zen hernaniarra: tanto ikaragarriak lortu zituen berak. Azkenean, 25-15 nagusitu ziren Macicior eta Otxoa, markagailuak erakusten duena baino partidu ederragoan.

Horrela, txapelketa bikaina borobildu zuten Maciciorrek eta Otxoak. Ligaxkan, bere multzoko lider bukatu zuten, bi partiduak irabazita. Eta semifinaletan, Ane Kerejeta eta Leire Artazkoz menderatu zituzten (25-18), finalerako txartela lortzeko.

Larunbatekoa izan zen, gainera, Maider Mendizabal anoetarraren azkeneko partidua Sakanako Txapelketan, eta txapelarekin esan zion agur: 24-25 irabazi zuen eliteko finala, Haizea Salanuevarekin, Uxue Murilloren eta Paula Gorostiagaren kontra. Bukaeran, omenaldia egin zioten palistek eta Gure Pilota elkarteak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!