Lukas Agirreren hilketa salatzeko, ekitaldia egingo dute gaur Donostiako Alderdi Ederren

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 27a, 00:00

12:00etan izango da, Donostiako Udalak antolatuta; eta bat egin du Hernaniko Udalak. Adierazpen instituzionala argitaratu zuen atzo.

Lukas Agirre Izko 24 urteko gazte hernaniarra labankadaz hil zuten igande goizaldean, Donostiako Okendo plazan; eta «gertatutakoa salatzeko eta familiari dolumina adierazteko», ekitaldia egingo dute gaur eguerdian Donostian, 12:00etan Alderdi Ederren, Donostiako Udalak antolatuta. Deialdiarekin bat egin du Hernaniko Udalak ere, eta kontzentrazioan parte hartuko du.

Hala jakinarazi zuen atzo argitaratutako adierazpen instituzionalean. Hernaniko udal talde guztiek sinatu zuten adierazpena, EH Bilduk, EAJ-PNVk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk; eta horretan, bere «atsekabea» adierazi zuen Udalak, Lukas Agirreren heriotzagatik: «Eraso larri honen aurrean, samina adierazi nahi dugu, eta hernaniar guztien izenean, bere familiari eta gertukoei gure doluminik beroena helarazi nahi diegu, momentu latz hauetan», adierazi du Udalak.

Gertaera «gogor deitoratu eta gaitzetsi» du Portuko Auzo Elkarteak

Gertatutakoa salatu nahi izan du Portuko Auzo Elkarteak ere, auzotarra baitzen Lukas Agirre. Auzo Elkarteak «gogor deitoratu eta gaitzetsi» egin du auzoko gazteak jasotako «labankada hilgarria». Era berean, «gure babes eta elkartasun guztia» helarazi nahi izan diete haren senide eta lagunei, «bizitzen ari diren une zail hauetan. Denentzat besarkada haundi bat, Auzo Elkartearen izenean».

Eguberri Egunean, goizeko aurreneko orduan hil zuten Lukas Agirre, 06:20ak aldera. Zenbait hedabidek aditzera eman dutenez, bi talderen artean borroka bat izan zen Okendo plazan, ustez zigarro baten eraginez; eta bi labankada jaso zituen gazte hernaniarrak: bata lepoan, eta bestea bularrean. Bertara agertu ziren osasun langileak, baina ezin izan zuten haren bizitza salbatu, eta bertan hil zen hernaniarra, zaurien eraginez.

Gertaerarekin lotura zutelakoan, bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak ordubete beranduago, eta hirugarren batek bere burua entregatu zuen goiz horretan bertan. Hirurak atzo ziren deklaratzekoak, epailearen aurrean. Bitartean, Ertzaintzak ikerketa abian dauka, gertatutakoa argitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!