Barrenetxeak eta Goikoetxeak jokatuko dute finala etzi, Segurolaren eta Larrañagaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 27a, 00:00

Barrenetxea eta Goikoetxea pozik, semifinala irabazita. Argazkia: Maialen Andres

Hernaniarrak eta urnietarrak nagusitasunez irabazi zuten Binakako Txapelketaren semifinala, Ansa IIren eta Juanenearen kontra (40-20).

Endika Barrenetxea eta Ander Goikoetxea urdinez, eta Beñat Segurola eta Iban Larrañaga gorriz. Bi bikote horiek jokatuko dute Binakako Txapelketaren final haundia, ostegun honetan, Galarretan. Hernaniarrak eta urnietarrak lortu zuten finalerako bigarren txartela, joan den larunbatean, semifinalean Ansa II eta Juanenea menderatuta. Baita erraz menderatu ere: 40-20 nagusitu ziren, hasieratik kontrolpean izan zuten partiduan.

Saketik zein jokoan dominatu zuen partidua Barrenetxeak, lehenengo tantotik azkenekora. Guztira, 25 tanto lortu zituen hernaniarrak, eta sakez egin zituen horietatik 13. Hasieratik aritu zen bikain lehenengo pelotakadarekin, eta horri esker, alde haundia hartu zuten markagailuan: 0-6, 2-9 eta 3-15.

Goikoetxeak ondo lagundu zion, erasoan arriskatu gabe eta akatsik egin gabe. Ansa eta Juanenea, aldiz, ezinean aritu ziren. Ansa gutxitan sartu zen jokoan, eta sartu zenean, ez zuen erakutsi bere ohiko txisparik. Deseroso aritu zen Juanenea ere, atzeko koadroetan.

8 eta 12 tantoren arteko aldearekin aritu ziren tarte batez, baina beste takada garrantzitsu bat lortu zuten Barrenetxeak eta Goikoetxeak, zortzi tanto segidan eginda; eta 15-31 jarri ziren markagailuan. Partidua bideratuta zutela, erasoan gehiago arriskatu zuen Goikoetxeak, eta orduan egin zituen partiduko huts bakarrak, hiru. Horiekin, markagailuan gerturatu ziren Ansa eta Juanenea (33-20), baina azkeneko zazpi tantoak segidan egin zituzten hernaniarrak eta urnietarrak, partidua bukatzeko.
 

Finala, etzi Galarretan

Lau finalistek atzo goizean aukeratu zituzten hitzordu nagusirako pelotak, eta etzi jokatuko dute final haundia, txapelaren bila. Arratsaldeko 17:30etan hasiko da jaialdia Galarretan, eta bigarren partidua izango da finala. Horretan, faborito argirik ez da izango. Segurolak eta Larrañagak lortu zuten finalerako pase zuzena, ligaxka aurreneko postuan bukatuta; baina Goikoetxeak eta Barrenetxeak erakutsi dute, bere maila onenean arituz gero, oso zaila dela beraiek menderatzea. Irekia bezain ikusgarria izan daiteke partidua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!