Adierazpen instituzionala argitaratu du Hernaniko Udalak, Lukas Agirreren erailketa salatzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 26a, 15:30

Atzoko erailketa salatzeko, udaletxeko alderdi guztiek sinatutako adierazpen instituzionala argitaratu du Hernaniko Udalak. Gertaera salatzeko ekitaldia antolatu du Donostiako Udalak, bihar, 12:00etan, Alderdi Ederren. 

Lukas Agirre 24 urteko gazte hernaniarra hil zuten atzo goizean, lepoan arma zuriz egindako eraso baten ondorioz, Donostiako Okendo plazan. Ezbeharra goizeko lehen orduan gertatu zen. Ertzaintzak, Udaltzaingoarekin elkarlanean, espainiar nazionalitatea duten hiru pertsona atxilotu dituzte, heriotzan parte hartu dutelakoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. 

Gertaeraren aurrean, «atsekabetuta» agertu da Hernaniko Udala, eta adierazpen instituzionala argitaratu du udaletxeko talde guztiek onartuta: «Eraso larri honen aurrean samina adierazi nahi dugu eta, hernaniar guztien izenean, Lukasen sendiari eta gertukoei gure doluminik beroena helarazi nahi diegu momentu latz hauetan».

Donostiako Udalak «gertaera latz hau salatzeko eta familiari dolumina adierazteko» antolatu duen kontzentrazioan parte hartuko du Hernaniko Udalak. Ekitaldia Alderdi Ederren izango da, bihar, 12:00etan.

Atxilotuek komisaldegian jarraitzen dute

Atzo goizeko 7:20 aldera, Udaltzaingoak bi pertsona aurkitu zituen Donostiako Hondarribia kalean, 28 urteko emakume bat eta 26 urteko gizon bat, ustez hilketa horretan inplikatutakoak, eta Ertzaintzako agenteek atxilotu egin zituzten. Ondoren, goizeko 10:00ak aldera, 24 urteko hirugarren pertsona bat komisaldegian aurkeztu zen. Atxilotuek oraindik komisaldegian jarraitzen dute, eta datozen uneetan geratuko dira epailearen esku. 

Gertatutakoa argitzeko, Donostiako Ertzaintzak ikerketa abiatu du.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!