24 urteko gazte hernaniar bat labankadaz hil dute, gaur, Donostian

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 25a, 18:18

Gaur goizeko 6:20ak aldera izan da gertaera, Donostiako Okendo plazan. Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu, ustez hilketa horretan inplikatutakoak.

24 urteko gazte hernaniar bat hil dute gaur goizean, lepoan arma zuriz egindako eraso baten ondorioz, Donostiako Okendo plazan. Ezbeharra goizeko lehen orduan gertatu da.  Ertzaintzak, Udaltzaingoarekin elkarlanean, espainiar nazionalitatea duten hiru pertsona atxilotu dituzte, heriotzan parte hartu dutelakoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. 

Gaur goizeko 6:20ak aldera izan da gertakaria, eta Ertzaintzak eraso bat egon dela jakitean, hainbat polizia-talde bertaratu dira eremura. Ertzaintzak aditzera eman du gazte bat aurkitu dutela lepoan eta gorputzeko beste atal batzuetan arma zuriz eginiko zauriak zituela. Hori dela eta, berehala eskatu dute laguntza, eta zoritxarrez, osasun-langileek ahaleginak egin dituzten arren, biktima gertakarien lekuan bertan hil da.

Goizeko 7:20 aldera, Udaltzaingoak bi pertsona aurkitu ditu Donostiako Hondarribia kalean, 28 urteko emakume bat eta 26 urteko gizon bat, ustez hilketa horretan inplikatutakoak, eta Ertzaintzako agenteek atxilotu egin dituzte. Ondoren, goizeko 10:00ak aldera, 24 urteko hirugarren pertsona bat komisaldegian aurkeztu da. Atxilotuek oraindik komisaldegian jarraitzen dute, eta datozen uneetan geratuko dira epailearen esku. 

Gertatutakoa argitzeko, Donostiako Ertzaintzak ikerketa abiatu du.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!