Wukroren aldeko San Silbestrean izena emateko aukera, zabalik

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 26a, 00:00

Urtea amaitzeko modu paregabea da larunbatekoa: kirola eginez eta Wukrori lagunduz.

Aurten gainera, «lasterketa gehiago herriratzeko», partehartzaileen artean hamarnaka zozketa egingo dira herriko komertzio txikiek emandako produktu desberdinak banatuz.

Hasi berotzen, larunbat honetan baita Wukroren aldeko San Silbestrea. Beste urte batez, CD. Hernani eta Hernani Wukrorekin GKE-a elkarlanean diardute, urtea kirola eginez bukatzeko festa antolatzen larunbaterako.

Lasterketa honek dituen helburu nagusiak zerrendatu dituzte antolatzaileek: «alde batetik, Wukroren laguntza bideratzeko errekurtso bilketa; bestetik, adin guztietako jendea Wukroko errealitatera gerturatzea eta kontzientziatzea; eta hirugarrenik, Gabonen barruan herri osoarentzat festa bat antolatzea, urteari amaiera emateko».

«Garai gogorrak dira Etiopian» hala aitortu dute antolatzaileek. Eta jarraian, egoera azaldu dute: «azken urteotako lehorteak eragindako goseteari gerra zibila ere gehitu zaio, Wukro inguruko zonaldearekin era berezi batean oldartu delarik». 

Horregatik, aurreko edizioen antzera, aurtengoan ere, lasterketarekin lotzen diren diru baliabideak, osotasunean, Angel Olaran Hernaniarrak Wukron gauzatzen dituen proiektuak finantzatzen laguntzera bideratuko direla nabarmendu dute.

Aurtengo edizio honetan, adin guztietako herritarrek hartu ahal izango dute parte lasterketan. Ondorengoa da urte tarte bakoitzari egokitutako ordutegia: 8 urte artekoak, arratsaldeko 16:50etan hasiko dira; 8 eta 11 urte bitartekoak arratsaldeko 17:00etan; eta 12 urtetik gorakoak, berriz,  17:30etan. Azken hauek, lasterketa nagusian hartuko dute parte, guztira 4 kilometro osatuz. 

 

Izena emateko aukera, Rockthesport-en

Dagoeneko ireki dute lasterketan izena emateko aukera, eta bi modu daude horretarako:  Rockthesport.com plataforman egin daiteke, edota Ibaimendi dendan. Aurten gainera, berritasun batekin dator Wukroren aldeko San Silbestrea: «lasterketa gehiago herriratzeko asmotan, partehartzaileen artean, hamarnaka zozketa egingo ditugu herriko komertzio txikiek emandako produktu desberdinak banatuta. Gainera, geroz eta jende gehiago mozorrotuta ateratzen dela ikusita, lasterketako lehenengo hiru emakume eta gizonez gain, lasterketan parte hartzen dutenen artean mozorro onenari sari berezia emango zaio».

 

Lasterketarien artean mozorro onerari saria emango zaio.

 

Amaitzeko lasterketan parte hartzeko deia luzatu diete antolatzaileek, herritarrei: «helburu on batengatik eta urtea kirola eginez bukatzeko aukera paregabea izango da Wukroren aldeko San Silbestrea, beraz, animatu!».

 

San Silbestrea-Larunbata
16:50 8 urte artekoak 
17:00 8 eta 11 urte bitarteakoak 
17:30 12 urtetik gorakoak. Lasterketa Nagusia (4 kilometro). 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!